Martxoaren amaieran jakinarazi zuten, aurten, arriskuan daudela Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Txozna Gorriak. EH Bildu dago Iruñeko Udaleko agintean, eta, oraingoz, uko egin die Txozna Gorriak jartzeko baimenei. Horretarako, aitzakiatzat hartu du udalak eta Txantreako Jai Batzordeak adostutako itun bat. Akordio horrek zehazten du jaigune bakar bat izango dela Txantreako festetan, batzorde horrek kudeatutakoa hain zuzen ere. Hala, debekatu egiten ditu azken urteetan Euskara Plazan martxan izan diren Txozna Gorriak.
Txozna Gorrien alde, agerraldia izan zen auzoan martxoaren bukaeran, eta antolatzaileek jaigune horren alde mobilizatzera deitu dute: "Txantreako jaietan Txozna Gorriei dagokien espazioa errespetatua izan dadin eskatzen dugu". Larunbat honetarako antolatu dute manifestazio bat, Txozna Gorriak aurrera lelopean. 12:00etan hasiko da Arriurdiñeta Plazatik.
"Dei egiten diogu txantrear orori Txozna Gorrien aldeko borrokara batzera eta datozen deialdietan parte hartzera", esan dute jaigunea antolatzen dutenek. Jakinarazi dute, gainera, debeku guztien gainetik, aurtengo festetan ere jarriko dituztela Txozna Gorriak, "eta horiek ezartzeko bermeak lortu arte borrokan segituko" dutela.