Larunbatean ere The Good Burger aurrean protesta egin zuen Iruñerriko LASek

Enpresak ez ditu bete langile batek Iruñerriko Langile Autodefentsarekin batera egindako eskakizunak. "Lan-gatazkak langileari egin beharreko ordainketak erregularizatu arte iraungo du, dagozkion kotizazioekin", adierazi zuten hilabete hasieran. Enpresak egindako hainbat eraso salatu ditu beharginak.
Argazki Nagusia
Argazkia: Iruñerriko LAS
2021eko apirilaren 12a

Iruñerriko Langile Autodefentsa Sareak lan-gatazka baten berri eman zuen hilabete hasieran. The Good Burger jatetxean langile bati hainbat eraso egin dizkiotela jakinarazi zuen; besteak beste, "bere benetako kategoriarekin bat ez datorren" lan-kontratu batekin aritu da lanean, soldataren zati bat beltzean jaso du, eta jada ez diote abenduko aparteko ordainsaria ordaintzen. Hala, enpresari zenbait eskaera aurkeztu dizkio beharginak, LASeko kideekin batera.

Enpresak ez ditu eskakizun horiek bete oraindik, eta borrokan jarraitzen du, beraz, LASek. Apirilaren 2an jatetxe aurrean protesta egin ostean, joan den larunbatean ere mobilizatu ziren hainbat pertsona, lantoki parean TGB ordaindu zor duzuna aldarrikatzeko.  "Lan-gatazkak langileari egin beharreko ordainketak erregularizatu arte iraungo du, dagozkion kotizazioekin", esan zuten LASeko kideek apiril hasieran.