Azken hilabeteetan zeresana eman dute Euskal Herriko hainbat Etxebizitza Sindikatuk salatutako etxegabetze eta erasoek: Bilboko (Bizkaia) Etxebizitza Sindikatuak, Uribe Kostako Gazte Koordinadora Sozialistarekin batera, duela bi aste egin zion aurre Erandioko (Bizkaia) etxe kaleratze bati; Buruntzaldeko (Gipuzkoa) Etxebizitza Sindikatuak, Hernanin (Gipuzkoa) aste honetarako jarrita dagoen etxegabetze baten berri eman eta protestara deitu du; Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak aurreko asteburuan jakinarazi zuen kaleratze saiakera bat izan zela Anoetan (Gipuzkoa); Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du familia bat etxegabetua izateko arriskuan dagoela Arrosadian (Iruñerria, Nafarroa) eta legez kontrako kanporatze saiakera bat geratu du, eta abar.
Tokian tokiko Etxebizitza Sindikatuek apirilean egin zuten protesta bat, elkarrekin, Bilbon (Bizkaia): Espainiako Estatuan onartu berri den Etxebizitza Legea fartsa elektoral gisara seinalatu zuten eta neurri sorta horren mugak eta nondik norakoak salatu zituzten.
Harago ere joan ziren, baina. Mobilizazio horren amaieran azaldu zuten pauso bat eman dutela lekuan lekuko Etxebizitza Sindikatuek, eta Euskal Herri mailako tresna berri bat sortu dutela: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista. "Etxebizitzaren arazoaren sakontzeari programa komunistaren gaurkotasunez erantzuteko, gero eta tresna sendoagoak behar ditugu", aldarrikatu zuten.
Larunbat honetan, ekainaren 10ean, izango da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurkezpen-ekitaldia, Bilboko Ibarrekolanda institutuan. 12:00etan hasiko da ekitaldia, eta tresna berriaren sorreraz, sindikatuak oinarri izango duen proposamen politikoaz nahiz aurrera begirako erronkez arituko dira. Aurkezpenaren ostean, bazkari bat eta kantaldi bat izango dira.