AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Lanuzteei ekin diete Maderas de Llodioko langileek
Asteartean, erabatekoa izan zen lehen lanuztearen jarraipena, eta gaur izango da bigarren greba-eguna.
2025eko irailaren 18
Lanuzteei ekin diete Maderas de Llodioko langileek
— ARGAZKIA Alerta Gorria Irratia

151 beharginek osatzen dute Laudioko (Araba) Maderas de Llodioko plantilla, baina haietatik 39 kaleratu nahi ditu Garnica taldeak, ekoizpenaren zati bat beste lantegi batzuetara aldatuz. Kaleratze kolektiboaren aurka, ordea, protestekin hasi dira langileak: asteartean egin zuten lehenengo lanuztea eta gaur bigarrena.

Arabako Alea-k jaso duenez, astearteko lanuztean erabatekoa izan zen jarraipena, plantilla osoa batu baitzen grebara. Pikete informatiboak eta elkarretaratzeak egin zituzten beharginek, Maderas de Llodio Garnica borrokan. Ez kaleratzerik, ez murrizketarik lelopean. Gaur ere egingo dituzte mobilizazioak, bigarren greba-egunaren barruan.