Borrokan jarraitzen dute Amazonen Trapagarango (Bizkaia) logistika-lantokiko beharginek. Lanuzteak hasi dituzte berriz aste honetan: larunbatera bitartean, egunean hiru ordu eta erdiko lanuzteak egingo dituzte, 06:00etatik 09:30era. Langileek modu horretan exijituko dituzte hobekuntzak euren lan-baldintzetan, izan ere, horiei uko egiten jarraitzen du enpresak.
Atzo, astelehenean, Bilbon (Bizkaia) mobilizatu ziren Trapagarango lantegiko beharginak. Urtarrilean, otsailean eta martxoan ere jo zuten grebara, euren lan-baldintzen defentsan. Hain justu, bost lanuzte izan dira azken hiru hilabeteetan. Azken Eguberrietan ere egin zuten greba; 2022. urtearen amaieratik, beraz, 11 greba izan dira.
125 langile aritzen dira soldatapean Trapagarango zentroan, eta Bizkaia osoko banaketez eta Arabako, Gipuzkoako, Burgosko eta Kantabriako banaketa ugariz arduratzen dira. Urtebete baino gehiago daramate miseriazko lan-baldintzei aurre egiten eta horiek hobetzeko hitzarmen baten alde borrokan, baina lan-baldintzak hobetzeko egindako proposamen guztiak atzera botatzen jarraitzen du Amazonek.
Greba egiteko eskubidea urratuta, eta lan-baldintza negargarriak
Azken Eguberrietan salatu zuten langileek enpresa urratzen ari zela euren protesta eta greba egiteko eskubidea. Langileen eskubideen kontra, berezko langile kopuruaren bikoitza kontratatu zuen Amazonek greba egunetarako: behin-behineko 40 kontratazio egin zituen, Gabonetan logistikako grebalariak ordezkatzeko. Gainera, enpresak mehatxu-mezuak bidali zizkien beharginei Whatsapp eta posta elektroniko bidez, zigor-prozedurak abiatuko zituela esanez.
Trapagarango langileek hamaika aldiz salatu dute miseriazkoak direla Amazonek zuzenean kontratatutako langileen (logistikakoak) zein azpikontratatutakoen baldintzak. Besteak beste, soldata oso baxuak dituzte (gutxieneko atxikipena ezartzen diete nominetan, itxura emateko soldatak berez direnak baino altuagoak direla), lanaldi luzeak, lanordu osagarri ugari, lan-erritmo altuak, eta abar.