AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/01 15:47

Aurten ere izan du zeresana Mugimendu Sozialistak maiatzaren 1ean, Langileon Nazioarteko Egunean. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek apirilaren 3an egin zuten agerraldi bat, elkarrekin, lekuan lekuko deialdien berri emateko. Aurten hemeretzi herritan egin dituzte deialdiak Kontseilu Sozialistek, manifestazioak kasu gehienetan, baina baita elkarretaratze eta ekitaldiak ere. Lelo berdinaren pean antolatu dituzte guztiak: Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen.

Eguerdian hasi dira Kontseilu Sozialistek gaurko egunerako prestatutako ekimenak. Ekitaldi politiko bat egin dute Gernikako (Bizkaia) Domingo Alegria enparantzan, eta mobilizazioak izan dira, berriz, Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Altsasun (Nafarroa), Durangon (Bizkaia) eta Ondarroan (Bizkaia). Baionan (Lapurdi), bestalde, Mugimendu Sozialistak zutabe propioa osatu du hainbat eragilek elkarrekin deitutako manifestazio orokorrean; horren aurretik, hitzartze bat egin dute Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek.

Arratsaldean izan dira, ordea, gaurko mobilizazio gehienak. Kontseilu Sozialistek Bilbon (Bizkaia), Iruñean (Nafarroa), Arrasaten (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Oiartzunen (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa) eta Zestoan (Gipuzkoa) egin dituzte mobilizazioak arratsaldez. Irunen (Gipuzkoa), Gernikan bezala, ekitaldi politiko bat izan da.

Lekuko bat

Maiatzaren Lehena dela-eta, adierazpen bateratu bat argitaratu dute gaurkoan Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek. "Sozialismoa izan da askatasunaren bandera altxatu duen mugimendua aurreko bi mendeetan. Bere eskutik etorri dira gizatasunaren aldeko konkista nagusiak, askatasun politikoa eta soziala uztartzearen ondotik", adierazi dute: "Garapen tekniko eta ekonomikoak eskaintzen dituen aukerak denon ongizatearen zerbitzura jartzea aldarrikatzen du sozialismoak. Kontsigna horrek inoiz baino egunerokotasun handiagoa duela uste dugu, aurrez aipaturiko garapena inoizko handiena delako".

Nabarmendu dute, dena den, sozialismoak "porrot egin" zuela azken mende amaieran, eta "sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa bukatu gabe geratu" zela. Hala ere, argitu dute porrot horrek "ezin gaituela itsutu": "Ez zaigu komeni langile mugimenduaren historia zaborretara botatzea. Milioika militanteren lekukoa hartzeko eta iraganeko esperientzien kutsu emantzipatzailea berreskuratzeko balio beharko liguke gaurko egunak".

Krisi kapitalista garaia

"Egungo egoera ez da batere atsegina langileriarentzat. Krisialdi ekonomiko kronikoa bizitzen ari da egungo kapitalismoa, eta horren albo-kalteak pairatzen ari dena langileria da", ohartarazi dute berriz Kontseilu Sozialistek: "Oinarrizkotzat geneuzkan askatasunak ezabatzen ari dira, eskubide ezak ezaugarritzen du lan mundua, geroz eta jende gehiago dago lanpostutik kanporatuta eta oinarrizko beharrizanak ase ezinik gabiltza. Funtsean, proletalgoaren bizi eredua legez kanpokotzat jo du burgesiak".

Ezker parlamentarioa seinalatu dute, "egoera horren aurka", ez duelako "ezer ganorazkorik egiten", bere "liberatu eta funtzionarioen soldatak defendatzea ez bada". "Estatua eta Kapitala zuritzen dituzte euren pribilegioak babesten dituzten bitartean, eta proletalgoa engainatzen aritzen dira, ogi-apurrak baino ez diren txikikeriak garaipen handiak balira bezala salduta", salatu dute Kontseilu Sozialistek.

Ezin bereizi

"Gizatasuna berreskuratzeko eta ongizate unibertsalak ezaugarritutako historiaren aro berri batera jauzi egiteko baldintza sozialismoaren eraikuntza da", azpimarratu dute gaurkoan, aldarri modura erabilitako leloari erreferentzia eginda: "Horretarako, beharrezkoa da langileok gure behar eta premia politikoen arabera jardutea eta etorkizuneko jendartea gaurdanik eraikitzen hastea. Politikarekiko atxikimendurik gabe eta norbere zilborrari soilik begiratuta ez dago egungo gauzen egoera aldatzerik. Gizatasunaren konkista handiak milioika pertsonaren konpromiso desinteresatuari esker lortu dira, eta klase dominatzailea ez dago ezer oparitzeko prest".

Aldarrikatu dute, bestalde, "gure zereginetako bat" dela "Maiatzaren Lehena folklore hutsa izatetik eskubide kolektiboen aldeko borroka eguna izatera pasatzea". "Langileria eta sozialismoa elkartu ezean, identitate soila bihurtzen da lehenengoa, eta utopia eginezin bat bigarrengoa. Kontseilu Sozialistetatik ekarpen bat egin nahi dugu norabide horretan, eta bakoitzaren gaitasun eta ahalmenak kontuan izanda, nork bere ekarpena egiteko deia luzatzen dizuegu", gaineratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK