AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Trenasako langileak Beasaingo CAFen, gaur goizean. Argazkiak: LAB / @CARMELO069
2020/09/30 12:22

Ostiralean hastekoa duten greba mugagabearen atarian, CAF multinazionalak Beasainen (Gipuzkoa) duen lantegira eraman dute borroka Trenasako langileek. CAFen filial bat da Trenasa, Castejonen (Nafarroa) kokatua, eta abenduan lantegia ixteko asmoa agertu du, "lan-karga faltagatik". Kaleratze masiboa eragingo luke horrek: 118 langilek dihardute soldatapean Trenasarentzat.


Goizean goiz, Beasaingo CAFen sarrera blokeatu dute beharginek, auto ilara luzeak eraginez. Ertzaintza agertu eta hainbat kide identifikatu ditu, Ahotsa-k berri eman duenez. Ondoren, bulegoetara jo dute langileek, hango sarrera oztopatzera. Polizia inguruan izan dute etengabe.


Ondoren, Iruñean (Nafarroa), Nafarroako Parlamentura joaten saiatu dira dozenaka langile, baina Espainiako Poliziak eragotzi die bertaratzea. Enpresak sei milioi euroko laguntza publikoak jaso zituen 2019an Nafarroako Gobernuaren partetik, Sodena sozietatearen bitartez. Astelehenean, ostiraletik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki zuten langileek.