Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gaur jakinarazi duenez, Puerto Real erietxetik lekualdatu dute Iñaki Bilbao preso politikoa: Puerto III kartzelako erizaindegira eraman dute jada, ospitalean hiru gau egin ostean. Hilaren 28an ospitaleratu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz.
Bilbaok telefonoz hots egin die gertukoei, "egingo duen azken deia dela esanez", AAEAMen esanetan. Erietxean "giltzurrunetako botikak izan zitezkeen zerbait zainetatik sartu" ziotela eta giltzurrunetan "min izugarria" duela adierazi du.
Dena den, Txikitok aurrera jarraitzen du gose eta komunikazio grebarekin: hogeita bigarren eguna du gaurkoa. AAEAMek azaldu duenez, barauarekin "azkeneraino joateko" "borondate irmoa" erakutsi du.
MOBILIZAZIOAK
Aurrera doaz Bilbaori elkartasuna adierazteko mobilizazio eta keinuak ere. Bilbon (Bizkaia) txandakako baraualdia egiten ari dira hainbat lagun, eta elkarretaratzeak izango dira Etxebarrieta Anaien plazan astelehenero, asteazkenero eta ostiralero.
Donostian (Gipuzkoa), Berriozarren (Nafarroa), Baionan (Lapurdi), Basaurin (Bizkaia) edota Bermeon (Bizkaia) ere egiten ari dira elkarretaratzeak.