AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Eibarko Energia Berriztagarrien Eskolako ikasleen agerraldia, gaur. Argazkia: EUIM
2020/02/19 12:46

Gaur goizean hasi dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian desagertutako bi langileen bila, baskula zegoen inguruan, Eusko Jaurlaritzaren iturriak aipatuz EITB-k jakinarazi duenez. Hondakindegira sartzeko errepidetik gertu ari dira hondakinen azpian harrapatuta geratu ziren bi beharginen bila. Otsailaren 6an gertatu zen luizia bertan, eta Verter Recycling enpresarentzat soldatapean lanean ari ziren bi langile desagertuta daude ordutik.

Amorrua

Mobilizazio ugari egin dituzte azken egunotan Zaldibarren nahiz inguruko herrietan. Gaur arratsalderako, esaterako, protesta deitu du Zaldibar Argitu Orain Plataformak, 18:30ean Eibarko (Gipuzkoa) Coliseo antzokiaren kanpoaldean, udalak antolatutako batzarraren harira. Eibarko EHUko ikasleek ere ekin diote borrokari: greba mugagabea hasi dute gaur.

Ikasleak kalera

Eibarko Unibertsitateko Ikasle Mugimenduak argitaratu duenez, prentsaurrekoa egin dute gaur Energia Berriztagarrien Ingenieritza Eskolako ikasleek, grebaldiaren berri emateko eta hainbat exijentzia egiteko. Azaldu dutenez, ikasleen gehiengoak egin du bat greba deialdiarekin, eta bi eskaera nagusi mahaigaineratu dituzte: "egoera konpontzeko, gobernuak eta enpresek haien esku dauden baliabideak jarri" ditzatela batetik, eta "EHUk gure osasuna bermatzeko benetako neurriak hartu ditzala", bestetik. "Gure borrokak ez du etenik izango azkenengo neurri hori bete arte", gaineratu dute.

Ikasleek gogor salatu dute, Zaldibarko auzian, "arazoaren jatorria" ez dela Verter Recycling enpresara mugatzen: "Enpresa horren kudeaketa onartezina ez da egoera isolatu modura ulertu behar [...] beste guztien antzera, irabazia metatzearen beharra jarraitzen zuen; zenbat eta zabor gehiago, orduan eta etekin handiagoa. Bost axola, beraz, langileen baldintzek eta inguruneak". Horretaz gain, azpimarratu dute "sistema elikatzeko diseinatuta" daudela "gobernuaren aparatuak", "klase boteredunen interesera". Hala, galdera bat egin dute agerraldian: "Nork ziurtatzen digu ez dela beste inon berdina gertatuko?".

Azken egunotan gai kutsakorren inguruan plazaratu den informazioa "kontraesankorra" izan dela ere salatu dute, eta hortaz, zalantzan jarri dute "bermatuta" ote dagoen "gure osasuna". 

Zarama eta larrialdia

Luizia baino bi egun lehenagojakin zuen enpresak pitzadura handi bat zegoela zabortegian, eta desagertutako langileetako batek aurretik ohartarazi zuen enpresa, hondakin gehiago biltzea ezinezkoa zela argudiatuz. Guztiarekin ere, hondakin gehiago eramaten jarraitu zuten. Jaurlaritzaren arabera, 700 enpresa inguruk eramaten zituzten hara hondakinak, eta nora eraman ez dutela geratu dira haietako asko.

Material industrial kutsakor ugari dago hondakin horien artean. Azken egunotan behin baino gehiagotan piztu dira suteak hondakindegian, eta inguruan nabaria izan da kea asteburu osoan. Inguruko erreketan ere gai kutsakorrak atzeman dituzte.