Bilboko LAS: "Kapitalismoaren baitan enpresa guztien esplotazio gaitasuna eta joera mahaigaineratzea nahitaezkoa da"

Merkataritza txikia izan du mintzagai Bilboko Langile Autodefentsa Sareak, oain arte ezagututako kasuak eta jardun politikoa aztertuta. "Merkataritza txikiaren aldeko aldarrikapena akritikoki hedatzeak langileon auto-antolakuntza oztopatzen duela deritzogu", adierazi dute kideek.
Argazki Nagusia
2020ko uztailaren 14a

Haien "ibilbidetik abiatuta eta langileon defentsan jarraitzeko", Bilboko (Bizkaia) Langile Autodefentsa Sareko kideei "garrantzitsua" iruditu zaie merkataritza txikiaren inguruko hausnarketa argitara ateratzea.

Azaldu dutenez, "azkenaldian, eta bereziki COVID-19ak markaturiko krisian, indartu egin da merkataritza txikiaren aldeko aldarrikapena": "Herritarroi saltoki txikietan kontsumitu eta eredu hau defendatzea omen dagokigu 'multinazional handiei' aurre egitea helburu". Dena den, Bilboko LASek nabarmendu du orain arte jasotako kasu gehienak izan direla hamar behargin baino gutxiago dituzten enpresetan gertatutako gatazkak; hain zuzen, "merkataritza txiki" modura sailkatutakoetan.

LASeko kideek ohartarazi dute "modu nahasgarrian" erabil daitekeela "merkataritza txikia" kontzeptua: "Barne hartzen da bizirauteko lan egiten duen familia, baina baita langileen kontura bizi den jabearen negozioa ere, lan-baldintza eskasei esker, sarritan".

"Bistan da enpresa handi eta multinazional handien kontra dugun posizio irmoa, baina kapitalismoaren baitan enpresa guztien esplotazio gaitasuna eta joera mahaigaineratzea nahitaezkoa da, beronen kontra borrokatu nahi badugu", diote. Merkataritza txikia delakoa "akritikoki" aldarrikatzeak "langileon auto-antolakuntza oztopatzen duela" azpimarratu dute, haien jardun politikoan ikusten ari direnez. Izan ere, "desjabetuon elkartasunerako muga" bihurtzen dela ondorioztatu dute, "esplotatuon interesak alboratuz", "nagusiarekin enpatizatzea" eskatzen baitu.

"Lantoki txiki zein handi, nagusien aurrean, gure interesak defendatzen eta langile antolakuntza indartzen jarrai dezagun", aldarrikatu du Bilboko LASek.