AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/12/19 22:07

Aurreko urteetan egin izan duten gisara, urte bukaera honetan ere, Lekittoko Gazte Asanbladako kideek Lekeitioko (Bizkaia) kaleetara atera nahi dute "langileok bizi dugun miseria estrukturalaren" salaketa, beste behin, "kapitalaren mende hil diren langileak oroituz". Kapitalaren "berezko izaera hiltzailea" argi utzi nahi dute asanbladakoek, lanpostuetan jazotako hilketak "istripuak ez direla" nabarmenduz. "Ez dira kasualitatea heriotza horiek, bizi dugun miseriaren ondorio baino", diote. Hala, Kapitalismua hiltzailia! izenpean, ekitaldia antolatu dute hilaren 27rako, Lekeitioko Gaztetxean.

Asanbladako kideek adierazi dute "langileok sistema honen baitan etorkizunik ez dugula", "kapitalak, bere erreprodukziorako, gure bizitzen esfera guztiak behar dituelako bere mende eta mesedera". Modu horretan kokatu dituzte areagotzen ari diren "etxe-kaleratze edota depresio egoerak, bortxaketak edo hizkuntzen desagerpenak, gerrak, krisialdia, edota faxismoa". "Kapitalaren metaketarako burgesiak dituen beharretatik eratortzen" direla azpimarratu dute: "Euren poltsikoen arabera antolatzen dituzte gu guztion bizitzak, baina ez digute ziririk sartuko". Aldarri eta gedar horiek guztiek hartuko dute gaztetxea datorren asteko ekitaldian, iluntzean.

Erantzuna

Iaz ere hori izan zuten helburu Lekittoko Gazte Asanbladako kideek, baina salatu dute mahaigaineratutako errealitatearen aurrean "erantzutea ere galarazi" dietela. Izan ere, aurreko urtean ekimen bera egiteagatik, isunak ezarri dizkiete lau militanteri. "Eredu burgesaren arabera ez bada, antolakuntza politikoa galarazita dugu", adierazi du asanbladak; betiere, argi utziz isunei "klase elkartasunez" erantzungo dietela, eta "langileok independentzia politikoz antolatzeko dugun beharrizanari" erantzunez, hala jardungo dutela.

Momentuz, komunitatea indartzen joateko asmoz, hilaren 27an 20:00etan jarri dute hitzordua gaztetxean. Jan-edana eta musika izango da gaztetxe aurreko "plaza beltzean". Ondoren, langile erailen auziari buruzko irakurketa zabaldu asmoz, dagoeneko aipatutako ekitaldia egingo dute, eta bukatzeko, kontzertuak izango dira gaztetxe barruan. Ondarru Crew eta Olatz igoko dira oholtzara, eta ekimenean eskuratutako diru guztia bideratuko da isunak ordaintzera.

Hortaz, 20:00etan gaztetxera bertaratzera dei egin dute asanbladako kideek, "borroka komunitatea indartzeko, isunak ordaintzen laguntzeko eta langileok bizi dugun egoera miserablea salatzeko".