AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: GUET
2020/09/11 16:08

Gero eta gutxiago falta da irailaren 15erako, asteartea. Greba eguna izango da hezkuntza arloan, ikasturtea hasi eta egun gutxira. Ikasle Abertzaleakek greba egitera deitu ditu bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleak, eta unibertsitate esparruan, deialdiarekin bat egin dute hainbat eragilek. Unibertsitateko Indar Batasunak aste honetan adierazi dio babesa deialdiari, eta hala egin dute Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak (GUET) eta Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) Arrakala taldeak ere.

Arrakalako kideek gaur jakinarazi dute IAren deialdira atxikitu direla, "kapitalismoaren basakeria gero eta ageriagoa den garai hauetan", "beharrezkotzat" jo dutelako "antolakuntza". "Egun, hezkuntza esparruan bizi dugun egoeraren larrialdia ikusita, gu unibertsitate mailan antolatzen garen hezkuntza eragile bat izanik, greba honetan parte hartzea eta plazaratutako aldarrikapenak ere gure egitea erabaki dugu", adierazi dute.

"Hezkuntza-sistema burgesak langileon bizi-baldintzekiko erakutsitako arduragabekeria" salatu du Arrakalak, "bere helburu bakarra akumulazio kapitalistaren dinamikarekin jarraitzea" dela kritikatu baitu.

GUETeko kideek nabarmendu dute "hezkuntza bezalako instituzio burgesaren funtzioa azaleratzen" ari dela "langileriaren bizi-baldintzen zaurgarritze bat bizi dugun honetan". Funtzio hori, "soldatapeko lanaren konposizioan aldaketei egokituko zaion lan indar kualifikatua ekoizten jarraitzea" dela iritzi diote.

GARBITZAILEEN BORROKA GOGOAN

Grebara deitzean, EHUko garbitzaileen borrokari ere egin diote azpimarra GUETek eta Arrakalak. COVID-19aren hedapena hasi zenean, egiten ari ziren greba bertan behera utzi behar izan zuten langileek, eta Eusko Jaurlaritzak haien greba eskubidea urratu izana salatu zuten. "Ezin ahaz genezake egun garbitzaileek bizi duten egoera. Martxoan hasitako greba bertan behera uztera behartuta ikusi ziren eta, horrek, egun lan-baldintza okerragoetan lan egitera behartzen ditu" azaldu dute GUETeko kideek.

Bi emakume taldeek azpimarratu dute funtsezkoa dela garbitzaileek borrokaldian egindako eskakizunak "onartzea eta aplikatzea". "Hau guztia dela eta, gu ere bertan izango gara", dio GUETek. "Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu", aldarrikatu du Arrakalak, adierazpenarekin amaitzeko.

DEIALDIAK GASTEIZEN ETA DONOSTIAN

Ikasle Abertzaleakek aste honetan argitaratu ditu hurrengo asteartean ikasleei zuzendutako mobilizazioen deialdiak. Gasteizen (Araba) kasuan, Elurretatik irtengo da manifestazioa, eta Ibaetan, aldiz, aularioaren paretik. 11:00etan izango dira biak, Bilbon (Bizkaia) bezalaxe. Iruñean (Nafarroa), aldiz, iluntzean irtengo dira kalera: 20:00etarako deitu dute elkarretaratzea, Hezkuntza Delegaritzaren aurrean.