AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/01/07 10:59

Borrokaldi berria jarri dute martxan Legution (Araba): Imaginate Frama enpresa "hainbat langileren lan baldintzak zapaltzen ari da", eta mobilizazioari ekin diote herriko zenbait gazte antolatuk, Imaginate, zor duzuna ordaindu lemapean. Modu horretan, langileei zor zaien dirua ordaintzeko exijitu diote enpresako zuzendaritzari.

Legutioko kultur etxea eta ludoteka kudeatzeaz arduratzen da Imaginate Frama. Langileek adierazi dutenez, enpresak albo batera utzi du Arabako lan hitzarmena, 2018. urteko martxotik hona: "Ez ditu lanorduak hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordaindu, ez ditu beharginek egindako lanordu guztiak Gizarte Segurantzan jaso, ez ditu kontratu guztiak helarazi eta sinatzeko eman, eta ez ditu jaiegunetako zein gauetako plusak ordaindu".

Horretaz gain, "xantaiak, mehatxuak zein mespretxu jarrerak" salatu dituzte beharginek. Enpresan soldatapean jarduten duen begirale batek azaldu duenez, koordinatzaile batek, bere eskakizunak baztertu ostean, enpresak herrian bertan antolatzen dituen zenbait ekintzetatik kanpo utzi du.

Erantzuna eta borrokaldia

Egoeraren aurrean, langileek hainbat hilabetez egin diote presioa enpresari, eta orain hasi dituzte mobilizazioak herriko hainbat gaztek. Esaterako, langileen egoeraren berri emateko eskuorriak banatu dituzte joan diren egunetan, eta iragan urtarrilaren 5ean elkarretaratzea egin zuten, polikiroldegiaren aurrean. Hiru eskaera nagusi mahaigaineratu zituzten, hala: "Langileei zor zaien dirua ordaintzea, lan baldintza duinak, eta errespetuzko tratua".

Antolatzaileen arabera, Arabako hitzarmena beteko duela adierazi du Imaginate Framak, baina oraingoz ez du inongo bermerik eman, eta "bere horretan" jarraitzen du egoerak.