"Hasieratik jo genuen langileon artean antolatzera"

Bizkaiko udal kiroldegietako eta klub pribatuetako beharginek hamaika greba eta mobilizazio egin dituzte azken hilabeteotan, lan baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. 2.000 langile inguru dira sektorean, eta lan baldintzei dagokienean, kontratu eta lanaldi partzialen nagusitasuna salatu dute, besteak beste. Santurtziko bi langilerekin egon gara, eta langileen antolaketa edota sindikatuak izan ditugu hizpide.
Argazki Nagusia
Argazkia: Gedar
2019ko azaroaren 19a

Luze daramate borrokan Bizkaiko udal kiroldegietako eta klub pribatuetako langileek, sektorean indarrean dauden lan baldintzetan hobekuntzak erdiesteko. Joan den astean, borroka horrek Leioako campusean lur hartu zuen, Lan Harremanen Fakultateko ikasle asanbladaren eskutik. Hain zuzen, Bilboko eta Santurtziko beharginek hitzaldia eman zuten Leioan, euren bizipenak eta ikuspuntuak partekatzeko, eta, taldean, irakaspen orokorrak mahaira ateratzeko. Santurtzin jarduten duten bi beharginekin hitz egin du GEDAR LANGILE KAZETAk. Lau urte egin dituzte borrokan, eta ez dute atzerapausorik bistaratzen.

Nondik dator Bizkaiko kiroldegietako eta zentroetako langileek enpresa kudeatzaileekin duzuen gatazka?

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu langile asko garela kontratu mugagaberik ez dugunak, baita lanaldi partzialean jarduten dugunak ere. Beraz, gaur gaurkoz, gure baldintzek eta kirol instalazioetarako sortutako hitzarmenak ez dute bat egiten. Duela lau urte, 2015. urtearen amaieran, Santurtziko kiroldegia kudeatzen duen enpresari lan baldintzak hobetzeko eskaintza bat helarazi genion, baina berehala eman zigun ezezkoa zuzendaritzak.

Nola hasi zineten antolatzen?

Hasiera batean, harreman estuagoa genuen lankide batzuen artean hasi ginen egoerari buruz hizketan; izan ere, gustatzen ez zitzaizkigun gauza asko ikusten hasi ginen gure lanetan. Hortik aurrera, eragiteko espazio bat bazegoela ikusi genuen, eta gainontzeko langileekin hitz egiteari ekin genion. Hala, 2018. urteko urrian, uda amaitzean, denak elkartu ginen etorkizuna marrazten hasteko: zer nahi genuen, norekin egingo genuen lan, nola, eta abar. Nahiz eta bilera askotan desadostasunak izan, azkenean, erabakiak adostasunez eta kolektiboki hartzen hasi ginen.

Antolakuntzari dagokionez, hasieratik antolatu zarete langileak zuen kabuz?

Hasieratik jo genuen soilik langileon artean antolatzera. Guk genuen gure borrokaren gaineko kontrola, eta erabakiak, guztion onurari erreparatuta hartzen genituen. Sindikatuak arrotzak zitzaizkigun, batez ere, enpresako ordezkari sindikalak. Izan ere, aisialdirako baliatzen zituzten, izatez, langileei laguntzeko zituzten orduak. Horregatik, hasieratik, borroka guk geuk aurrera eramatea erabaki genuen, sindikatuen laguntzarik gabe. Dena den, gure atzetik etorri ziren gero, ea zerbait aterako zuten ikustera.

Zer nolako jarrera izan dute sindikatuek zuekin?

Sindikatuen araberakoak dira eskaera horiek. Gure enpresako langile batzordean, sindikatu batek du gehiengoa, eta ia botererik ez duten beste hiru daude. Nahiko hasieratik eskaini ziguten laguntza hori sindikatu horiek, informazioa eman eta formatze aldera batez ere; hau da, langile askori arrotza zaien hitzarmenari eta legediari buruzko informazioa. Behin borroka hasi genuenean, eta gizartean, gutxi bada ere, guri buruz hitz egiten hasi zirenean, guregana hurbildu zen batzordean gehiengoa duen sindikatua, lehen esan dugun bezala, ea zerbait lortu zezakeen ikustera.

Zer esan nahi duzue zerbait lortu nahi dutela diozuenean?

Gure esperientziaren arabera, gehiengoa duen sindikatuari laguntza eskatu genionean, hasieratik esan ziguten bazkide izan behar ginela haien laguntza jaso ahal izateko. Hau da, lan baldintzen merkantilizazioa lehenesten dute, langileei laguntza eskaintzearen aurretik. Horregatik uste dugu sindikatu batzuentzat garrantzitsuagoak direla afiliazio zenbakiak eta onura ekonomikoa.

Horrez gain, langileria erakartzen duen baliabide bat dute: greba aurrera eraman ahal izateko gastu ekonomikoak beren gain hartzen dituztela. Baina engainagarria da hori; zu zeu baitzara urteetako kuotekin borroka ordaintzen duena. ELA sindikatua da Euskal Herrian erresistentzia kutxa nazionala duen sindikatu bakarra, baina bi edo hiru urtez kuota ordaintzera behartuta zaude, grebaren kostuak sindikatuak ordaintzeko. Hemen argi ikusten dugu, sindikatu batzuk mafiaren modukoak direla, lan gatazkak etekin ekonomikoa ateratzeko baliatzen dituztelako. Historian zehar sindikatuek eta langile antolakuntzak izan dituzten formak eta garrantzia ikusita, egun, guztiz galbideratu direla uste dugu.