AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko irudi bat. Argazkia: @ThVillepreux
2019/12/05 11:39

Protesta eguna da gaur Baionan (Lapurdi) ere. Sindikatuek greba orokorra deitu dute gaurko, abenduak 5, Frantziako Estatuan. Garbia da jopuntua: Emmanuel Macronek gidatutako gobernuak ezarri nahi duen pentsioen erreforma. Gaurko helburua, aldiz, bat nagusiki: "ekonomia blokeatzea", sindikatuen arabera. Hala, Baionan ere goizean goiz hasi dira mobilizazioak; FSU, CGT eta FOk osatutako intersindikalak deitutako manifestazioaz gain, non milaka pertsona elkartu diren, hainbat izan dira protesta ekintzak.

Zenbait ikaslek, esaterako, itxialdia egin dute Baionako fakultatean, eta haietako lau identifikatu ditu Frantziako Poliziak.

Aurreikuspenen arabera, gaur erabakiko dute zein bide hartuko duen greba mugimenduak. Esaterako, hainbat beharginek batzarrak egingo dituzte lantokietan, gauez. Mobilizazioa denboran luzatzeko aukera izango da gaur esku artean, baina oraindik ez dago argi zeintzuk izango diren hurrengo urratsak.

Sindikatuek gaurko grebarako dei egin zutenean, azaldu zuten "lehentasuna" ez dela "pentsio sistema aldatzea"; sistema hori finantzatzeko moduaren inguruko hausnarketa sustatzea baizik.