AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/01/29 10:16

"Soilik borrokan topa dezakegulako duintasuna". Mezu horrekin egin dute dei Nafarroako hainbat eragilek biharko greba orokorrean parte hartzera, eta zehazki, Proletalgoa grebara! lemapean osatuko duten bloke propioa osatzera. 12:00etan aterako da zutabea Iruñeko (Nafarroa) San Frantzisko plazatik. Deitzaileek ohar bidez jakinarazi dutenez, greban "proletalgoaren presentzia politikoa bermatzea" eta aldarrikatzea dute helburu. 

Haustura politikoa

"Krisi kapitalistaren testuinguruan", "langile klasearen sektore zabalen lan eta bizi baldintzek" okerrera egin dutela diote deitzaileek, baita "proletarizazio prozesu" horrek "klase borrokaren areagotzea" azaleratu duela ere. "Egoeraren aurrean", beharrezkotzat jo dute "posizioa hartzea", eta "krisi kapitalistaren ondorio den apurketa ekonomiko eta soziala burgesiaren kontrako haustura politiko bihurtzea", "proletalgoaren independentzia politikoa oinarri hartuta".

Independentzia politikoa helduleku, "borroka ezberdinak klase batasunaren bidez batzearen" beharrari ere jarri diote azpimarra, "eguneroko borrokaz eta behetik", "geure burua defendatzeko modu eraginkor bakarra delako". Izan ere, "kapitalismoa krisian" egonik, "eskaintzeko gero eta gutxiago" duela azaldu dute blokearen antolatzaileek; hala, "iraultzaren beharrezkotasuna" nabarmendu den honetan, borrokarako deia egin dute.