AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Eztena
2019/07/13 22:38

Gaur 20:00ak aldera Gernikako (Bizkaia) Bloke Naranjako atea indarrez ireki eta eraikinera sartu dira bi gizon. Portalean zegoen bizilagunetako bati bultz egin eta eraikinetik ateratzeko esan diote.

Gertakarien bilakaera

21:00ak aldera jakinarazi diete Eztenako kideei erasoaren berri eraikineko bizilagunek. 15 pertsona inguru hurbildu dira Bloke Naranjara eta bi gizonekin topo egin dute bertan. Gizonetako batek “onera ala txarrera sartuko gara” esan du gazteleraz. Dirudienez, gizonek eraikina ezagutzen zuten, eta etxebizitetako sarrailetan giltza batzuk probatzen aritu dira.

Eztenako kideek aipatu dutenez, gizonak bi kirol poltsa handirekin iritsi dira eraikinera eta zer zeramaten galdetzean bietako baten barruan Bloke Naranjatik hartutako materiala ezagutu dute proiektuko kideek. Beteta zeramaten beste poltsan “gustatu zaizkidan hiru kamiseta” zeramatzala esan du gizonetako batek, gazteleraz; erantzun oso “susmagarria” iritzi zaie Eztenako kideei. Ondoren, gizonek alde egin dute.

Egoera kontrolpean, tentsio uneen ostean

22:30ak aldera Bloke Naranjaren inguruan begiztatu dituzte erasoaren egile biak beste hiru gizonekin batera. “Jarrera mehatxatzailearekin” portalera hurbildu direla salatu dute Eztenatik. Honen ondorioz, proiektuko kide batzuk eraikinaren barruan daude bizilagunekin eta atea blokeatu dute, “eraso gehiago ekiditeko”. Portal aurrean, gizonak bertaratutako jendearekin eztabaidatzen aritu direla ere jakinarazi dute Eztenako kideek. Azkenik, duela minutu gutxi jakinarazi dute Eztenako kideek "gizonekin lasai hitz egitea lortu" dutela eta "egoera kontrolpean" daukatela. 

Bihar, prentsaurrekoa

Gertakari hauen inguruko informazio zehatzarekin, bihar, uztailak 14, 18:00etan prentsaurrekoa deitu dute Eztena proiektuko kideek Bloke Naranjaren aurrean.