AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Itzubaltzeta gaztetxea
2020/02/17 13:05

Garai batean kultur etxea zen eraikina birjabetu zuten joan den larunbatean, otsailak 15, Itzubaltzetan (Getxo, Bizkaia). Ehunka pertsona kalejiran batu ostean, Lope de Vega kaleko 12. zenbakian sartu ziren hainbat lagun, eta "okupazioaren bidea hartuta", gaztetxe berria jarri zuten martxan: Itzubaltzeta III.

Birjabetzea ez da soilik gaztetxe baten beharrari erantzuteko jaio: espazioak ondoan duen Nagusien Etxearentzat bermea izatea ere badu helburu. Izan ere, Getxoko Udalak orain gaztetxea den eraikina zein Nagusien Etxea eraisteko asmoa du.

Hirugarrenez

Hurrengo egunean, otsailak 16, prentsaurrekoa egin zuten gaztetxeko kideek. Itzubaltzeta gaztetxeak izan duen ibilbidea azaldu zuten bertan: 2004. urtean birjabetu zuten aurrenekoz Errekaganeko eraikin bat, eta auzoaren izenpean bilakatu zuten gaztetxe. 2013. urtean, espazioa utzi behar izan zuten gaztetxeko kideek, bertan Gobelako obrak egin zitezen. Bitartean, haien jardunarekin jarraitu ahal izateko, Getxoko Udalak Ezekiel Agirren duen etxe bat erabili behar izan zuten gaztetxe modura. 

2016. urtean bukatu zituzten Gobelako lanak eta Errekaganeko eraikinean kokatu zuten berriro gaztetxea. 2017. urteko apirilean, baina, gunea sutu zuten hainbat pertsonak, eta orduan, negoziazio prozesua ireki behar izan zuten gaztetxeko asanbladako kideek eta Getxoko Udalak, eraikin berri baten inguruan mintzatzeko.

Espazio berri bat eraikitzeko proiektua onartu bazen ere, "udalaren interes falta" dela-eta, gaur-gaurkoz ez dute gune berria eraiki. Hala, kultur etxe zaharra birjabetzearen aldeko apustua egin dute Itzubaltzetako hainbat gaztek, hirugarren aldiz gaztetxea martxan jartzeko.

Etxebizitzak

Gaztetxeko kideek esan dute "argi" dagoela udalak ez duela gaztetxea "lehentasuntzat" jotzen. Herrian hutsik dauden etxeei arreta ipini beharrean, gaitzetsi dute udalak kultur etxe zaharra edota Nagusien Etxea eraisteko asmoa duela, "gazteentzako eskuragarriak ez diren" Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko aitzakipean. Gaztetxeko kideek argitu dutenez, Getxoko etxebizitzen %30 "jenderik gabeko etxebizitzak" dira.

Egitaraua lehenengo asterako

Larunbat arratsaldean eraikina birjabetu eta lehenengo gaua bertan igaro ostean, egun osorako egitaraua aurkeztu zuten gazteek. Zunba eta pailazoen emanaldia izan ziren goizean, eta prentsaurrekoa egin zuten gero. Eguerdian, aldiz, elkarrekin bazkaltzeko parada izan zen, eta arratsalderako karaokea eta talo tailerra antolatu zituzten. Gauean afaria izan zen.

Aste honetarako ere prestatuko dute egitaraua. Momentuz, gaurko egitaraua jakinarazi dute; egunean zehar, auzolana izango da protagonista. Goizean ekin diote lanari, eta 16:00etarako ere ipini dute hitzordua. Tartean, elkarrekin bazkaltzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Auzolanarekin amaitzean, inauterietako dekorazioaren prestaketa, mozorro tailerra eta bingo musikatua izango dira, gauera arte.

EZ DAGO IRUZKINIK