Ezpala gaztetxea birjabetu dute berriz Tolosan

Tolosako Gazte Asanbladak Ezpala gaztetxea zena birjabetu du berriro: "Gure beharrak asetuko dituen espazio baten beharra gero eta handiagoa da", azaldu dute. Azkenaldian "gaztetxeen loraldia" bizitzen ari garela iritzi dute asanbladako kideek: "Gure egiten ditugu, langileon baitako guneak baitira".
Argazki Nagusia
2019ko apirilaren 22a

Gaur, astelehena, Tolosako Ezpala gaztetxea zena birjabetu du berriz Tolosako Gazte Asanbladak. 2016an Ertzaintzak bortizki desalojatu zuen eraikin berdinean sartu dira asanbladako kideak, eta "langileon proletarizazio prozesua gero eta bortitzagoa den garaietan", gaztetxearen proiektuari heltzeko "hautuarekin jarraitzeko" "hamaika arrazoi" dituztela azaldu dute.

"Gure beharrak asetuko dituen espazio baten beharra gero eta handiagoa da", gehitu dute. Izan ere, "sistema kapitalistak langile klasearekiko antagonikoak diren interesei erantzuten" diela eta "sozializatzeko era ez-merkantil bat eratzea beharrezkoa" dela iritzi dute: "Ekoizpen harreman kapitalistak ez dira langileon berezko harremanak".

"Herriaren nahietara egokitzen diren proiektu desberdinak gorpuzteko eta hauspotzeko" asmoz jarri dute martxan gaztetxe berria, eta "oinarrizko beharrak asetzea" izango dute ardatz proiektu horiek. Dagoeneko lanerako hainbat helduleku zehaztu dituzte asanbladako kideek, hala nola, "aisi autogestionatua" eta "langileon berezko kultura", "zaintza harremanak" oinarri izango dituena. Dena den, eremu horietatik harago, "elkartasunean oinarritutako ekoizpen berrien esperimentazioa" ere landuko dutela iragarri dute.

Egitarau zabala antolatu dute datozen egunetarako, besteak beste, oinarri politikoak eztabaidatzeko. Apirilaren 27an, larunbata, egingo dute inaugurazio eguna.

Azkenaldiko "gaztetxeen loraldia"

Tolosako Gazte Asanbladako kideek "azkenaldian ematen ari den gaztetxeen loraldia" izan dute hizpide gaur argitaratutako irakurketan. Aurreko astean martxan jarritako Kaxilda gaztetxea (Zizurkil, Gipuzkoa) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Gaztetxea aipatu dituzte, baita Lekeition (Bizkaia) sortu berri duten gaztetxea, Donostiko (Gipuzkoa) Kijera gaztetxea eta Nafarroako gaztetxe berriak ere: "Gure egiten ditugu, langileon baitako guneak baitira".

Bestalde, azpimarratu dute gune horiek ez direla "kolpe errepresiboetatik at gelditzen": "Horregatik antolatu eta saretu behar dugu elkartasuna".

Tolosako gune autogestionatuen ibilbide historikoa ere gogoan izan dute asanbladakoek. Inpernu, Otsabi edota Bonberenea dira ibilbide horren lekuko, baita "Tolosako Gazte Asanbladaren azken urteetako jardunean egindako okupazio saiakera ugariak" ere. "Jardun horrek agerian uzten du asanbladaren izaera politikoa", gaineratu dute. Hala, "gune autogestionatuen auzia politikoa" dela nabarmendu dute, eta "autogestioa eduki politikoz betetzeko beharra" mahaigaineratu dute.

Ezpala gaztetxea bera, 2016ko otsailean hustu zuen Ertzaintzak, dozenaka gazteren aurka modu bortitzean jo ondoren. Milaka euroko isunak jarri zizkieten gero gazte mugimenduko kideei. Aurretik ere okupazio saiakerak egin zituen gazte asanbladak; 2015ean, esaterako. "Orain dela urte batzuk abiatu genuen jardunean ez dugu amore eman, ezta emango ere", ohartarazi dute asanbladako kideek.