AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/23 14:16

Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Etxarri gaztetxearen desalojoa gelditzea lortu dute gaur, urriak 23, gaztetxeko kideek eta babesa ematera bertaratu diren hainbat eta hainbat lagunek. "Babes antolatuari esker" lortu da gaurkoan hustea etetea, gaztetxeko kideek nabarmendu dutenez.

Etxarriren desalojoa gaurko zegoen aginduta, 10:30erako. Ertzaintza goizetik izan da inguruan, eta une batean, udaltzainak ere hurbildu dira gaztetxera. Etxarri gaztetxeko kideek publiko egin duten oharrean azaldu dutenez, "harriduraz" hartu dute desalojoa aurrera eraman ez izana.

Inguruko hainbat enpresak "zipaioen bisita" izan zuten atzokoan, eta haiei adierazi zieten desalojoa atzeratu egin zitekeela, "arrisku altukoa" izanagatik. Gaztetxeko kideen hitzetan aukera horrek "indarra" hartu du orduek aurrera egin ahala eta justizia administrazioko letratua ez zela bertaratzen ikustean. Hala, "epaitegietatik jakinarazpena heldu arte", "gaztetxean geratzea" lortu dute.

Gauzak horrela, datozen egunetarako antolatuta zeuden ekintzak "bertan behera" geratuko direla jakinarazi dute. "Borroka bukatu ez dela jakitun", azpimarratu dute "indartzen ari garen espazioen gaineko langile kontrola indartzen" jarraituko dutela. Etxarri gaztetxearen defentsa berretsi dute, "Bilbon eta Errekalden lan politikoa egiteko beharrezko espazioa delako".

Babes antolatua ezinbesteko

Asko izan dira, gaztetxeko kideen deialdiari erantzunez, babesa ematera bertaratu diren pertsonak. Gaztetxearen kanpoaldean bildu dira goizetik, eta "Etxarri aurrera" bezalako oihuen artean babestu dituzte gaztetxea nahiz barruan zeuden kideak.

Etxarriko kideek gaurkoan zein azken asteetan jasotako "elkartasun keinuen garrantzia" azpimarratu dute: "Gaitasunak antolatuz, erasoen aurrean babestea posible dela ikusi dugu". Era berean, azpimarra jarri nahi izan diote gaur lortutako "garaipen txikiari". Elkartasun dinamikaren bidez jasotako babesa eskertzeaz gain, atzo egindako "elkarretaratze jendetsua" eta "desalojoaren unean egondako babes antolatua" goraipatu dituzte. Hortaz, "eskerrik beroenak" eman dizkiote "mobilizatu den pertsona orori".

Aipamen berezia Errakiri

Bestalde, aipamen berezia egin diote Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareari ere. Hain zuzen, "desalojoaren aurkako prestaketan egindako lana" jarri dute balioan: "Gaitasunen antolaketaren eta zentralizazioaren bidez lokalki ditugun indar mugatuak potentziaz betetzeak duen garrantzia erakutsi digu beste behin". 

Poliziaren presentzia, itogarria

Asanbladako kideek, bestalde, "irmoki" salatu dute azken asteetan jasan duten Poliziaren presentzia "itogarria", eta azpimarratu dute polizia-indarrek "gaztetxea husteko eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela". "Zipaioak ondoko eraikinera hertsaduraz sartu ziren eta teilatutik guri mehatxuka ibili ziren. Auzoa sekretaz josita egon zen, eta gaztetxea barrutik ikusteko eta jendea identifikatzeko dron bat erabili zuten", azaldu dute.