AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/04/27 20:24

Espainiako Poliziak gutxienez hamar gazte atxilotu ditu gaur Iruñerrian (Nafarroa), bederatzi Errotxapean eta bat Burlatan; antza, iazko azaroko zenbait gertakariren harira. Hainbat hedabidek baieztatu dute "talde kriminal" bati lotutako "desordena publikoak, kalteak eta lesioak" egozten dizkietela gazteei.

Atxilotuak ez dira aske geratu oraindik. Iruñeko Udaltzaingoaren ardurapeko ziegetan daude une honetan, hainbat obra ari baitira egiten Espainiako Poliziaren kalabozoetan. Naiz-en arabera, oraindik ez diete utzi konfiantzazko abokatuekin harremanetan jartzen, eta ez da jakinarazi noiz pasatuko diren epaile aurretik. Lau gaztek deklaratu dute gaurkoan.

Iruñeko epaitegi batek igorri du hamar gazteak atxilo eramateko agindua. Baimena eman die poliziei "material informatikoa, armak, likido errekorrak, agiriak, sakelako telefonoak" eta abar konfiskatzeko, eta dirudienez, miaketak egin dituzte bi etxebizitzatan.

Noticias de Navarra-k adierazi duenez, Nafarroako Poliziaburutzako Informazio Brigada Probintzialaren ikerketa baten emaitza da polizia-operazioa.

Erasoen aurrean, klase elkartasuna

Atxiloketak direla-eta, mobilizazio deialdi bat egin dute auzoan. 20:00etan elkartu dira ehunka pertsona Errotxapeako Plaza Gorria delakoan, Erasoen aurrean, klase elkartasuna aldarri hartuta. Atxiloketak salatu eta atxilotuei elkartasuna adierazi diete protestan bildutakoek, baita haien askatasuna exijitu ere. Antza, kalabozoetan igaroko dute gaua, eta une honetan sekretupean dago martxan den ikerketa.

Identifikazioak

Bestalde, GEDAR LANGILE KAZETAk jakin ahal izan duenez, protestara bidean zihoazen zenbait pertsona identifikatu dituzte polizia-agenteek, baita, gutxienez, kazetaritza lanak egiten ari zen pertsona bat ere.

Errotxapeako Gaztetxearen esanetan, mobilizazioa amaitzean ere identifikazioak izan dira auzoan.

Argazkiak: GEDAR LANGILE KAZETA eta Errotxapeako Gaztetxea

EZ DAGO IRUZKINIK