AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/11 12:26

Otsailean murgildu garen honetan, martxoari begira jarri dira dagoeneko Gasteizen (Araba). Dozenaka lagunek agerraldi bidez eman dute Elkartasunetik klase batasunera dinamikaren berri, martxoaren 3a eta martxoaren 8a "gorriz markatutako egunak" izanik, "borroka horien gaurkotasuna aldarrikatzeko". Hortaz, 1976. urtean Gasteizen eraildako langileen urteurrenean eta emakume langileen nazioarteko egunean, "bi egunak borroka berdinaren parte" direla aldarrikatuko dute, "langile independentziaren eta klase batasunaren oinarri politikoak ardatz". Dinamika hauspotzeko, hamar eguneko egitaraua prestatu dute Arabako hiriburuan.

Otsailaren 28tik martxoaren 8ra bitartean, hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak edota auzolanak izango dira, "eztabaida eta ikuspegi kritikoa garatzeko". Laster jakinaraziko dute egitaraua osorik.

Memoria eta irakaspenak

Dinamikaren antolatzaileek azaldu dute gaur egun ere "ez duela etenik zapalduon aurkako ofentsibak", eta gogoan izan dituzte aurten lanpostuetan eraildako langileak, "sistematikoki erasotuak diren emakumeak", "kaleratuak diren beharginak", edota "etxebizitzetatik kaleratzen dituzten langile familiak". 

"Boterea mantentzeko, burgesiak langile klasearen aurkako ofentsiba konstantea du martxan, hamaika forma ezberdin hartzen dituelarik. Eraso guztiei aurre egiteko, langileriak antolakuntza eredu propioak garatu behar ditu, bere burua babesgabetasun egoera batean ez ikusteko", adierazi dute. Hala, "klase batasuna" aldarrikatu dute "gaur inoiz baino sendoago", "martxoaren 3an eroriekiko zein emakume langilearekiko elkartasuna nahikoa ez delako". 

"Zapaldu ororen eginbeharra", "bidean eroritakoak oroituz, borroka horietatik ateratako irakaspenak azken muturreraino eramatea" dela azpimarratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK