Deustuko Erriberan gertaturiko lan-gatazka baten berri eman du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak

Espacio Open izeneko enpresa-multzoak, Deustuko Erriberan duen El Jardin Secreto lantegiko behargin bati inposaturiko lan-baldintzak eta bidegabeko kaleratzea salatu ditu gaur, irailak 10, Bilboko Langile Autodefentsa Sareak. Kideek jakinarazi dutenez, nagusiei egindako eskakizunak bete ezean, borroka abiatu eta mobilizazioei ekingo diete.
Argazki Nagusia
Argazkia: Bilboko Langile Autodefentsa Sarea
2020ko irailaren 10a

Bilboko Langile Autodefentsa Sareak langile baten egoera salatu du gaur. Deustuko Erriberako El Jardin Secreto lantokian jardun zuen soldatapean, eta "ostalaritzako lan-hitzarmenean zehazten diren atazak" bete behar izan bazituen ere, "lan-hitzarmen txikiago bati dagokion soldata" jaso zuen gero. Aurrerago, gainera, modu bidegabean kanporatu zuten: bajan zegoen bitartean kaleratu zuten, eta beharginak, Gizarte Segurantzak bidalitako mezu baten bidez ukan zuen horren berri.

Espacio Open enpresa-multzoaren lan-espazio bat da El Jardin Secreto, eta bertako langilea zuzenean sartu zen harremanetan Bilboko LASekin, duela aste batzuk.

Haren egoera publiko egin ondoan, nagusien erantzun baten zain daudela adierazi dute LASeko kideek. Izan ere, haien eskakizunak helarazi dizkiete gutun bidez. "Nagusiek gure eskaerak betetzen ez badituzte, lan-gatazkaren izaera publikoa handituko dugu, mobilizazioetara dei eginez", diote.

Behargin honek jasan behar izan dituen lan-baldintzak salatzeaz gain, "enpresa hauek jokatzen duten papera" gaitzetsi du LASek: "Alternatibismoaz baliatuz, haien langileen baldintzak okerragotu egiten dituzte; eta langile auzoetan kulturalki esku hartzen dute burgesiaren geroagoko kapital inbertsio handiagoei bidea zabaltzeko".