Bizkaiko metalgintzako langileak greban, hirugarren egunez jarraian

50.000 langile baino gehiago daude grebara deituta. Goizeko 07:45ean abiatuta, Bilboko kaleak hartu dituzte grebalariek, manifestazioan. Aurreko bi egunetako jarraipena %85ekoa izan da.
Argazki Nagusia
Argazkia: EITB
2019ko urriaren 02a

Bizkaiko metalgintzako langileak greba ari dira egiten hirugarren egunez jarraian; sindikatuen arabera, %85eko jarraipena izan du deialdiak atzo eta herenegun.  Soldaten eguneraketa, genero berdintasuna eta prekarietatearekin amaitzea eskatzen ari dira beharginak.

Grebalariak 07:45ean atera dira manifestazioan Bilbon, eta FVEM patronalaren egoitzarantz egin dute bidea. Behin manifestazioa amaituta, 11:30ak aldera, elkarretaratzea eta eserialdia egin dituzte Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren atarian.

Horretaz gain, barrikada ere egin dute goizean goiz Markina inguruan, errepideak ixteko.

Atzo, asteartea, milaka pertsonak hartu zuten parte Zornotzako eta Erandioko manifestazioetan. Piketeak ere egon ziren hainbat herritan, eta Ertzaintzak gogor egin zuen grebalarien aurka; guztira, 34 lagun identifikatu zituzten.