Bategin; langile defentsa integralaren aldeko borroka Goierrin

Azken aldian jaso dituzten kritiken aurrean, langileen defentsarako instituzio propioen beharra aldarrikatu eta taldea langileen arazoei osotasunean erantzuteko helburuz sortu dela zehatzu dute, elkartasun printzipioa ardatz
Argazki Nagusia
Argazkia: @BateginSarea
2019ko martxoaren 12a

Duela gutxi bere burua argitara eman duen Goierriko Autodefentsa Sareak, Bategin-ek, bere lehen kasua irabazi du iada. Pasa den Larunbatean, agerraldi publikoa egin ostean, eta azken aldian jasoriko kritiken aurrean, taldearen oinarri ideologikoak, izaera, printzipioak eta borroka ildoak definitzen dituen komunikatu bat egin zuten publiko atzo sare sozialetan.

Bategin sortzearen arrazoiari dagokionean, langile autodefentsarako instituzio propioen beharraz mintzo da Goierriko taldea: “badakigu enpresariek euren instituzio edo aparatu juridiko-politikoak dituztela beraien interesak defendatzeko eta egoera horren aurrean babes gabe aurkitzen gara langileak jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egiteko”, diote. Langileen defentsa, lanpostuko markoan eta legaltasunaren barruan soilik antolatzeak dituen mugen jakitun dira Bategin-en. Diotenez, ” kontratutik kanpo lan egindako orduak ezin dira justifikatu epaitegien aurrean, legalki ez baitira existitzen eta kasu hauen aurrean langileok babes gabe aurkitzen gara ordaintzen ez digutenean. ” Eta hutsune horiek bete eta langileriak borroka marko tradizionaletan duen babes faltari erantzuteko, langileen bizitzaren osotasunari erantzungo dion borroka markoen eraikuntzan murgildu da. Hau da, “Bateginetik langileon defentsarako ekimen oro babestu eta indartuko dugu langileon arteko babesa eta elkartasuna saretzeko lan eginez”. Zentzu horretan, “langile klase osoaren zerbitzura” egongo diren bitartekoak sortu eta hedatzeko konpromezua agertu dute.

Autodefentsa praktikan: elkartasuna oinarri

Bateginek, funtzionamenduaren oinarriak ere bistaratu ditu. Zentzu honetan, adierazi dute “edozein langile Bateginekin kontaktuan jartzen den momentutik” kasua aztertu eta baloratuko dutela, eta eskura dituzten “baliabide guztiak” jarriko dituztela langileen zerbitzura. Alabaina, borrokaren eraginkortasuna elkartasun printzipioak sustengatzen duela argi erakutsi nahi izan dute. Euren hitzetan, kasuetaz arduratuko dira, babestutako langileek ere “euren ekarpena egiten dioten heinean langile borrokari”. Hau da, “elkartasuna ardatz”, langileriaren kontzientzia eta antolakuntza bultzatuz jardungo du Goierriko Autodefentsa Sareak.

Kritikak eta autokritika

Honez gain, komunikatuak, Babes Sareak bere ibilbide laburrean jaso dituen kritiken inguruan hartzen duen posizioa ere azaleratu nahi izan du: “zintzoki esan nahi dugu langileon defentsa eraginkorrago bat bultzatzeko intentzioz egindako kritika eraikitzaile oro ongi etorria dela eta beharrezkoa gainera, beti baitago zerbait fintzeko eraginkortasuna zorroztera bidean.” Baina, langileen autodefentsa gauzatzearen “aurkako posizioak eta errespetu faltak” bereiztea beharrezkotzat jo dute, bizi duten testuinguari erreferentzia eginez. “Azken hauei errotik aurre egin beharrean gaude, gure askatasunaren bidean oztopoak gainditzen” joan beharra ezinbestekotzat baloratzen baitute, euren jarduna eraginkorra izango bada. Horregatik, diote, “Bide horretan beharrezkoak zaizkigun bitartekoak sortzeko konpromezua eta determinazioa hartzen dugu”.

Horregatik, orain arteko ibilbidean berresten direla aditzera eman dute, eta “kide zareten guztien defentsan borrokatzen” jarraituko dutela azpimarratu. Orain arteko borroka, “aurrera pauso bat” izan dela esan dute, eta bide horretan, elkartzeko deia luzatu.