AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @alfonrope
2020/07/30 07:19

Patronalak hautsi egin ditu Bilboko Portuko zamaketariekin hasitako negoziazioak. Plantilla handitzea eta aldi bateko beharginei lan-kontratu mugagabea egitea proposatu zuten, hain zuzen, kontratu mugagabea duten langileek. Hitzarmen kolektiboa adosteko negoziazioan proposatutako aurreneko puntua zen hori, aldi bateko beharginen figurarekin amaitzea helburu zuena. Patronalaren erantzuna, baina, negoziazioa etetea eta Enplegurako Portu-Zentroa (lan-karga kudeatzen duen erakundea) desegiteko mehatxua egitea izan da.

Hala, zamaketariak asanbladan bildu ziren hilaren 23an, eta erantzutea erabaki zuten: aldi bateko langileen lan-baldintzen defentsan, 21 eguneko greba deitu dute Bilboko Portuan, abuztuaren 3tik 23ra. Astelehenetik aurrera, beraz, bi lan-orduko, ordu bateko lanuzteak egingo dituzte. El Salto-k iragarri duenez, grebak milioika euroko galerak ekar diezazkioke patronalari.

Kontratazio berririk ez eta liberalizazio prozesua

Badira 12 urte Bilbon ez dela kontratu mugagabe berririk egiten, baina erretiratzeak ehunka izan dira. Patronalak aldi bateko beharginen lan-poltsa bat sortu zuen, hazi eta hazi baino ez dena egin: 60 ziren hasieran, baina egun, 116 dira. Egun bakoitzeko kobratzen eta kotizatzen dute, eta urteak daramatzate dinamika horretan (batzuen kasuan, 12 urte). Gainera, ez dute jaiegunetarako edota oporretarako eskubiderik.

PP-k sektorea liberalizatzeko martxan jarritako prozesuaren barruan, deuseztatu egin zituzten Portuko langileen kudeaketarako sozietate anonimoak (SAGEP) direlakoak, erdi publikoak zirenak eta plantilla egonkor bat zutenak. Horren ordez, Enplegurako Portu-Zentroak (CPE) direlakoak sortzea proposatu zuten, aldi bateko langileak subrogatzeko. Enplegurako Portu-Zentroak borondatezkoak dira erakunde modura; aurretik zeuden sozietate anonimoak, ordea, derrigorrezkoak ziren.

Trantsizio hori maiatzaren 15ean amaitu zen Espainiako Estatu mailan, baina ordura arte, lan-kontratu mugagabea duten beharginak "linbo burokratiko" batean zeuden, subrogazio edota enplegu-erregulazio espediente baten zain. Hori lortu ahal izateko, haien soldatak %10 jaisteko konpromisoa hartu zuten, haien produktibitatea %10 igotzea lortzen ez bazuten. Hala ere, beharginek uko egin zioten lan-ordu gehigarriak egiteari, plantilla handitzeko presio-mekanismo gisa.

Erreformak eta hildako bat otsailean

Zamaketa sektorearen erreforma gauzatzeko bidean, portuko operadoreen lobyak(Espainiako Portuetako Inbertitzaileen Plataforma), funtsean, esaten zuen, diru gehiago irabazteko, urtean 27.000 euro gordinera jaitsi behar zirela zamaketarien soldatak. Horren aurrean, sektorean nagusi den ezbehar-kopuru altua jarri zuten mahai gainean sindikatuek. Bilboko Portuan behargin bat izan zen eraila otsailaren 4an, gidatzen zuen garabia erori ostean.

Lau enpresak jarduten dute Bilboko Portuan: CSP Spain, Bergé, SLP eta Toro y Betolaza. Langileek 2017. urtean egin zuten greba azkenekoz, estatu mailako deialdiaren barruan.