AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/05/02 00:25

Gaur, Langileon Nazioarteko Eguna, “bizitzaren aspektu guztiei klase ikuspegitik aurre egiteko beharra” aldarrikatu dute Gazte Koordinadora Sozialistako kideek. Nabarmendu dute “langile klasearen defentsa egitea” ez dela soilik “gure aldarrien artean klase etsaiaren aurkako borroka ekonomikoari toki bat egitea”; “klase etsaiak gu jazartzeko dauzkan modalitate anitzen erro komuna seinalatzea eta funts hau klase batasunez eta elkartasunez borrokatzeko beharra azpimarratzea baizik”. Izan ere, kapitalismoak “injustizia berezkoa” duela azaldu dute, eta “langile klaseak kapitalismoaren sorreratik sistematikoki pairatu dituen injustizia guztiak” kondenatu dituzte.

Maiatzaren Lehena ez dela “langileon aldebakarreko aspektu baten eguna” iritzi dute: “Gaur ez baita fabrikara doazenen eguna etxea garbitzen geratzen direnena baino gehiago, edo egunero-egunero 7 ordu ikastetxean disziplina eta sumisioa barneratzen duten ikasleena edo beren sorterria utzi eta Europara bidean itsasoan bizia galdu dutenena baino gehiago. Gaur langile klase osoaren eguna da”.

“Gizarte antolamendu berria sortzeko eskubide eta behar historikoaren” aldarrikapena

Hala, gaurko eguna “langile klaseak gizartearen antolamendu eredu berria sortzeko eskubide eta behar historikoa aldarrikatzeko eguna” dela azaldu dute, “langile klasearen aginte gaitasunean eraikitzen den” kapitalismoaren aurrean. “Langile klasearen defentsa” egiteaz gain, “programa sozialista” aldarrikatu dute. “Langileon Nazioarteko Eguna “egunero dela esan beharrik ez dago”, gehitu dute: “Falta dena, ostera, langileon antolakuntza sozialistaren nazioarteko eguna da, edo are, antolakuntza sozialistaren eguna egunero izatea, nazioarte mailan”.

Beraz, “formazio sozial kapitalista osoa kondenatu” eta “mundu osoko proletarioei borroken batasunerako deialdi sozialista” egin die Gazte Koordinadora Sozialistak, “kulturalki inposatu zaigun despolitizazio eta antolakuntzarako bitarteko guztien ezabapenaren aurrean”. “XX. mendeko langile mugimenduaren porrota behin betikoa izan ez zela erakusteko eta frogatzeko ordua da. Langileon autodefentsa saretzeko ordua da”, gaineratu dute, “langile batasunaren” eta “programa sozialistaren” baitan.