2023ko ekainean igorritako sententzia baten bidez, Catarrojako (Valentzia) Transportes Gruval enpresako langile ohi bati jarritako zigorra ontzat eman du Espainiako Auzitegi Gorenak. Valentziako Probintzia Auzitegiak isun handi bat jarri zion beharginari, 5.000 eurokoa, Transportes Gruvalen jasandako lan-baldintzen berri emateagatik eta horiek salatzeagatik.
Gerora, hala, zigor hori berretsi du Auzitegi Gorenak. Ebatzi du langilearen adierazpenek arriskuan jarri dutela enpresaren "ohorea", eta beharginari milaka euroko isuna jartzearen alde egin du; beharbada, aurrekari arriskutsu bat jarriz.
Kondenatutako langileak 2021ean egin zuen lan Transportes Gruvalen, gidari modura, baina urte horretako irailean kaleratu zuen enpresako zuzendaritzak. Kanporatzea zela-eta, 1.700 euroko kitatze-ordainsari bat eskaini zion beharginari, baina hark jakinarazi zuen ez zela nahikoa. Kaleratzearen desegokitasuna aitortu zuen enpresak, eta, azkenean, 2.425 eurora igo zuen eskainitako kalte-ordaina.
Langileak, dena den, enpresan jasandako miseriazko lan-baldintzen berri eman zuen Mil Anuncios atarian. Ondoko mezua argitaratu zuen, ironiaz: "Catarrojako Gruval enpresa, oso serioa eta profesionala, edukiontziak garraiatzeko esklabo bila ari da. Egunean gutxienez hamahiru orduko lana bermatuta, eta errespetu falta bermatuta".
Behargin ohiaren kontrako salaketa bat aurkeztu zuen enpresak, baina, hasieran, atzera bota zuen Catarrojako Lehen Instantziako Epaitegiak. Gero, ordea, Transportes Gruvali arrazoia eman zion Probintzia Auzitegiak, eta langilearen kontra egin zuen.
"Errealitatearen nagusitasunaren printzipioa" delakoa baztertuta, Auzitegi Gorenak esan du "gatazka puntuala" zela enpresaren eta langilearen artean sortutakoa. Dena den, auzitegiak berak esku artean izan dituen gertakariek eta frogek kontrakoa erakusten dute: izan ere, aztertu dituen salaketa-mezuetako batzuk ez dira kondenatutako beharginak egindakoak, antzeko esplotazio-egoeran zeuden lankide batzuenak baizik.