Langile bat hil da lan-istripuz Goiaingo industrialdean
— ARGAZKIA econoticias.com

Lan-heriotza bat izan zen atzo iluntzean Goiaingo (Araba) industrialdean, Egoin enpresa-taldearen kanpo-konpainia batean, El Correo-ren arabera. Ia 20:00etan jaso zuten abisua larrialdi-zerbitzuek, eta bertaratu zirenerako, zauritutako beharginaren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Oraindik ez dute heriotzaren arrazoi zehatza argitu, baina aipatutako egunkariak dio zerikusia izan dezakeela zerrauts-karga batekin.

Duela hilabete eskas, beste lan-heriotza bat izan zen Araban: Lantarongo piroteknia-enpresa batean, behargin bat hil eta beste bat zauritu zen leherketa batean. Iturri sindikalen arabera, urtea hasi zenetik, gutxienez hamar langilek galdu dute bizia Euskal Herrian soldatapean lanean ari zirela. Iaz, gutxienez 84 izan ziren.