Atzo jakinarazi zutenez, 56 urteko behargin bat zendu zen Iruraiz-Gaunan (Araba) pasa den asteazkenean, soldatapean lanean ari zela. Hain zuzen, txalet batean ari zen eraikuntza-lanetan, eta lan-istripu "ez traumatiko" bat izan zuen. Ondoezik sentitu zenean jaso zuten abisua osasun-zerbitzuek, baina lanpostuan hil zen langilea.
Iturri sindikalen arabera, 2022. urtea hasi zenetik, gutxienez 69 behargin hil dira Euskal Herrian lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.