AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Moncloa
2024/07/09 10:12

Lanaldia murrizteko neurriak ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak, eta badirudi, oraingoan ere, patronalarekin adostasunak bilatuta egingo duela hori. Asteko lanaldia 38,5 ordura murriztu nahi du Lan Ministerioak, hurrengo urtarriletik aurrera, 37,5 ordukoa izan dadin. Berehala jarriko litzakete martxan neurri hori, dekretua onartu eta Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE, gazteleraz) argitaratu bezain pronto. Gaur egun, gehienez 40 ordukoa da asteko lanaldia.

Horretaz gain, lan-eremuko arau-hausteei eta zigorrei buruzko zenbait aldaketa ere egin nahi omen ditu Yolanda Diaz buru duen Lan Ministerioak. Arau-urratzeen aurrean, "kaltetutako" langile bakoitzeko jarriko omen zaizkie zigorrak enpresaburuei, eta gogortu egingo omen dituzte langileen "segurtasunari eta osasunari" eragiten dieten arau-hausteak. Zigor horiek betearazteko modua, baina, galdera-ikurrez beteta dago.

Hortzak erakutsi ondoren, atzera

Lan Ministerioak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek uztailaren 17rako jarri dute hurrengo hitzordua, atzo bildu ostean. Badirudi, baina, ministerioak belarriak jaitsi dituela patronalaren aurrean, enpresarien oniritzia lortzeko. Horregatik aurkeztu die proposamen-agiri berri bat, orain arte Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioaren (CEOE) ezezkoa jaso ondoren.

Proposamen berriak, nagusiki, malgutasun gehiago ematen die enpresei 2025ari begira: lana eta beharginen lanaldiak modu irregularrean banatzeko aukera errazten die. Horrek ekarriko luke hainbat sektoretan, hala nola ostalaritzan edo laborantzan, "momentu puntual" batzuetan lanordu gehiago inposatu ahal izatea langileei, eta gutxiago beste une batzuetan.

Proposamen berriak dioenez, behargin bakoitzaren lanorduen %10 (urtean 171 orduko "lan-poltsa" moduko bat) banatu ahal izango dute enpresariek modu irregularrean, eta euren interesen arabera. Horrekin, aurrera begira, malgutu egingo lukete gaur-gaurkoz legeztatu nahi duten gehienezko lanaldiaren (astean 37,5 ordu, urtean 1.712) ezarpen zehatza. Izan ere, lan askoko "une puntual" horietan, 40 ordurainokoak izan ahalko dira langileen asteko lanaldiak.

Badirudi, gainera, are malgutasun handiagoa eman nahi dietela enpresa txikiei eta gaur egun lanaldi luzeak inposatzen dituztenei, enpresaburuen mesederako aldaketak erraztuz horiei guztiei.

Patronalaren eskaerak

Atzoko bileran, hainbat exijentzia egin zituen CEOEk; hala nola, lanaldiaren murrizketa 2030. urtera atzeratzea eta itun kolektiboen agorpenari egokitzea, edota lanorduak banatzeko malgutasun handiagoa izatea. Lan Ministerioaren asmoa da akordio bat lortzea abuztuko oporren aurretik, eta badirudi men egingo diela enpresarien hainbat exijentziari.

EZ DAGO IRUZKINIK