AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/25 09:19

Atzo agerraldi bat egin zuen Ikasle Abertzaleakek Iruñerriko (Nafarroa) Iturrama ikastetxearen aurrean, urriaren 27ko ikasle grebaren harira lan politikoa egiteagatik hainbat ikaslek jasan behar izan duten errepresioa salatzeko; egun horretan, milaka ikaslek hartu zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, "hezkuntzaren gaineko ofentsiba kapitalistari aurre egiteko eta Hezkuntza Sistema Sozialista aldarrikatzeko". Guztira, hamasei ikasleren kontra hartu dituzte neurriak Iturraman.

Grebaren aurreko egunetan, mobilizazioetara batzera deitzeko lanetan, bi ikasleren aurka jo zuten ikastetxean: "Kanporatuak izan ziren eta mehatxuak eta biolentzia fisikoa jasan behar izan zituzten". Ez zen hor bukatu, dena den: orain, greba eguneko piketeak direla-eta, hamalau ikasleri ireki diete partea. "Zigor ekonomikoak ordaintzera eta orduz kanpoko lanak egitera behartuak izan gara, eta irainak eta mehatxuak jasan behar izan ditugu", jakinarazi dute.

"Neurri horiek guztiek funtzio bat eta bakarra dute: ikasleria zigortuz eta beldurtuz jardun politiko oro etetea", salatu du IAk: "Honakoa, gainera, ikasleria kritikoa heztearen eta hezkuntza prozesuan parte-hartze aktiboa izatearen beharra eta garrantzia saltzen dizkiguten bitartean egiten dute. Baina agerian geratzen ari da hezkuntza sistemaren izaera autoritarioa".

Exijentziak zuzendaritzari

Ikasleen eskubide politikoen urraketa horiek guztiak direla-eta, IAk lau exijentzia egin dizkio Iturramako zuzendaritzari: "zigor eta parte guztiak bertan behera uztea", "militanteen aurkako jazarpenarekin eta umiliazioarekin amaitzea", "ikastetxean lan politikoa egiteko bermea izatea" eta "ikasturte guztietan antolatzeko eskubidea edukitzea".

"Zigor horiek [hamalau ikasleei jarritakoak] ikasle antolakuntza eta borroka zigortzen eta kriminalizatzen dute. Zuzendaritzak politika bere kontrolpeko mugen barnean egitera behartu nahi gaitu horietatik irteten den adierazpen oro kriminalizatuz eta errotik moztuz", seinalatu dute IAko kideek. Ohartarazpen bat egin dute, beraz: "Garbi gera dadila eraso eta oztopo horien guztien aurrean ez garela kikilduko, ikasleriak mobilizatzeko eta antolatzeko eskubide guztia dauka-eta. Horregatik, inoiz baino ozenago diogu: borrokan jarraituko dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK