AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2025/01/16 12:18

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak astelehen honetan egin du agerraldi bat Michelin lantegian, Gasteizen (Araba). Mikel Jauregi Industria sailburua eta fabrikako arduradun David Udakiola izan zituen ondoan. Imanol Pradales jeltzaleak toki sinboliko bat hautatu zuen industria-sektoreko egoeraz aritzeko, eta krisi kapitalistak markatuta etor daitezkeen gatazken aurrean, mezu argi bat bidali nahi izan zien langileei: bare manten daitezela.

Industria-krisiari aurre egiteko, irtenbidea "inbertsioak erakartzea" dela iradoki zuen, eta beharginen gain jarri zuen sektorean "egonkortasun-eremuak" bermatzeko ardura: industrian inbertsio berriak erakartzeko, Pradalesek esan zuen ezinbestekoa dela "lan-harreman eraikitzaileak" sortzea eta "suntsitzaileak" alboratzea, "negoziazioa eta akordioa" nagusitu daitezen. Alegia, langileen izaera otzana erreibindikatu zuen. Udakiolak gaineratu zuen Michelinen "etorkizuna", adibidez, "elkarrizketa sozial zintzo eta eraikitzaile" batek ziurtatuko duela, eta "bake soziala" izango dela "funtsezko oinarri bat enpresaren erronkei aurre egiteko".

Askotariko iturrien pronostikoen kontrara, Pradalesek "Europako industriaren berpizteaz" jardun zuen agerraldian, eta esan zuen EAEk "protagonista" izan behar duela prozesu horretan, esaterako automobilgintzan edo mugikortasunean. Estrategikotzat hartu zuen Michelin bezalako enpresak sustatzea, EAE abangoardia izan dadin "Europa hegoaldean": saiakera horretan, euskal erakundeen eginkizunetako bat enpresa-ehuna indartzea dela aldarrikatu zuen lehendakariak.

Kaleratzeak Michelinen

Kaleratze kolektibo bat ezartzeko prozesua martxan da gaur egun Gasteizko Michelinen, eta 150 behargin botako dituzte guztira. CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek onartu zuten neurria. Langileek iazko apirilean salatu zuten kaleratzeen gorakada, eta horren arrazoia iazko mobilizazio eta greba indartsuak direla ohartarazi zuten. Azken urteetan, indartsuak izan dira Michelinek Gasteizen eta Lasarten (Gipuzkoa) dituen fabriketako langile-mobilizazioak, kaleratzeen aurka nagusiki.

EZ DAGO IRUZKINIK