AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ezkerretik hasita, Pepe Álvarez UGTko idazkari orokorra eta Antonio Garamendi CEOE patronaleko burua. ARGAZKIA / The Objective
2023/03/10 09:46

Aste honetan, El Mundo egunkariak antolatutako topaketa batean parte hartu du Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuko idazkari orokorrak, Pepe Álvarezek, eta adierazpen polemikoak egin ditu langabetuen inguruan. Zehazki, esan du langabezian egonda lan-eskaintzaren bati ezetz esaten diotenek ez luketela langabezia prestazioa eta bestelako diru-laguntzak jasotzeko aukerarik izan beharko.

"Pertsona batek lan-eskaintza bati uko egiten badio, lan horretarako formakuntza eskainita eta lan hori egin ahal izateko gaitasunak eta kualifikazioa izanda", eta aldi berean "laguntza publiko bat jasotzen ari bada", "herrialdeak planteatu" egin beharko luke pertsona horrek laguntza hori "kobratzen jarraitu behar duen edo ez". Hala baieztatu du UGTko buruak. Gaineratu du ez dela "normala" sindikatu bateko idazkari orokorrak hala pentsatzea, baina "zintzoki" dela hori bere iritzia.

Berez, indarrean daude jada lan-eskaintza edo lan-formakuntza "egoki" bati ezetz esaten diotenen aurkako neurriak; "arrazoi justifikatu bat" ez izatekotan, behintzat. "Arau-hauste" larritzat jotzen da hori, eta hiru hilabetez prestazioa kenduta zigortzen da langabetua. Bigarrenez egiten badio uko lan-eskaintza edo formakuntza bati, sei hilabetez uzten dute prestaziorik gabe, eta hirugarrenez errepikatzen bada, erabat baliogabetu diezaiokete laguntza.

Hainbat sektoretan ustez langileak topatzeko dauden zailtasunen inguruan ere mintzatu da Álvarez; esaterako, eraikuntzan eta obran beharginak kontratatzeko omen dauden zailtasunen inguruan. Nabarmendu du sektore hori dela "langile atzerritarrak" kontratatzeko "interesik handiena" duena, eta dei egin die enpresaburuei langabetuengana eta paperik ez daukaten pertsona migratzaileengana jotzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK