AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Utzitakoa
2025/02/14 08:57

Araban, parke eoliko bat eraikitzeari bide egin dio berriz tokiko gobernuak: Oiongo Udalak, EH Bildu buru duela, Labrazako parkea egin ahal izateko azken baimenak eman dizkio Aixender enpresari. Aste honetako ohiko osoko bilkuran eman du pauso hori udalbatzarrak, proiektuari bide egiteko prozesu burokratikoan geratzen zen azken tramitea (baimen urbanistikoak) desblokeatuz. Ia bi hamarkadaren ostean Araban egingo luketen lehen parke eolikoa izango litzateke Labrazakoa.

Oiongo alkate Jose Manuel Villanuevak (EH Bildu) esan du udala "behartuta" dagoela Labrazako proiektua onartzera, gainerako baimen guztiak eman direlako. "Hirigintzan, espediente guztiak behar bezala badaude, lizentzia ematera behartuta gaude", dio. Arabako Errioxa Bizirik plataformak azaldu du, ordea, alkatearen argudiaketa gezurtatu duela abokatu batek. Hala dio: "[Alkatetzak] Ezezko botoa ematea ez litzateke delitua izango, baldin eta hartutako erabakiak justifikatzen badira eta horiek arbitrarioak ez badira".

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek (EAJ) berria ospatu du eta eskerrak eman dizkio alkateari: "Albiste ezin hobea da". Gaineratu du, bere ustez, EH Bilduk jarrera aldatu duela halako proiektuen aurrean.

200 metroko zortzi aerosorgailu izango ditu azpiegiturak, eta Labrazako herrigunetik kilometro ingurura egongo da. Esan bezala, Aixender konpainiaren esku egongo da; Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako sozietate bat da hura. Aurreikuspenen arabera, udaberritik aurrera ekingo diete parkea eraikitzeko lanei. 

Haserrea eta protesta Oionen

Herenegun, asteazkenez, protesta bat izan zen Oiongo udaletxe aurrean, proiektu txikitzaileari ezetz esateko. Arabako Errioxa Bizirikek egin zuen deialdia, Labraza ez da saltzen, defendatu egiten da. Haien aberastasuna gure miseria! lelopean. "Instituzioen bidez alderdi politikoek proiektuari argi berdea eman dioten arren, hau ez da hemen amaitzen", ohartarazi zuen. Plataformak ohar bat ere argitaratu zuen, "EH Bilduk gai honen inguruan izan duen jarrera aldaketa gaitzetsiz" besteak beste. Helegite bat aurkeztu dute proiektuaren aurka, nabarmenduz "ezezko botoa emateko legezko arrazoi nahikoa" badagoela.

"Politika instituzionala ez da inoiz koherentzia eta duintasuna nagusi izan diren eremu bat izan, eta, berriz ere, biek galdu dute eskaintzailerik onenaren aurrean", seinalatu zuen plataformak idatzian. Gogorarazi zuen "enpresa energetiko handientzat diseinatuta" dagoela "trantsizio energetikotzat" jotakoa, eta bide-orri horrek bazuela jadanik EH Bilduren oniritzia Eusko Legebiltzarrean, EAEko Lurralde-Plan Sektorialak bezalaxe.

Labrazakoa ez da EH Bilduk ontzat ematen duen aurreneko parke eolikoa: Aramaion (Araba), adibidez, Statkraften proiektua onartu du berriki, nahiz eta Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak duela hilabete eskas baztertu duen plana, hegaztiengan eragingo lituzkeen kalteengatik.

EZ DAGO IRUZKINIK