Aste honetan gutxienez hiru zentro okupatu hustu dituzte Herrialde Katalanetan eta Madrilen. Irailaren 20an, asteartean, La Surera Casal Socialistaren desalojoa izan zen Sant Feliu de Guíxolsen (Gironan). Azaldu dutenez, eraikina aurretik urte luzez egon da hutsik, eta "data irekia" delakoa zuen huste-prozesuak; hala, edozein egunetan desalojatua izateko arriskuan egon da. Ekainean eman zuten zentroaren irekieraren berri; Casal modura erabili dute beheko solairua, eta Guíxolseko Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta dauden pertsonentzako etxebizitzak egokitu dituzte goiko bi solairuetan.
Zentroko kideen esanetan, "gure klasearen zerbitzura egongo diren azpiegiturak eratzeko beharrari erantzuten" zion Casal horrek, "boterea hartzeko estrategia baten barruan: Prozesu Sozialista". Beraz, "lanean jarraituko" dutela diote Casaleko kideek, "kultura komunista berri bat hedatzen hasi ahal izateko espazio bat" lortu arte.
Irailaren 21ean, bestalde, bi Zentro Sozial Okupatu desalojatu zituzten: La Quimera CSOA Madrilgo erdigunean, Lavapies auzoan, eta L'Espora CSO Cardedeun (Bartzelona). Espainiako Poliziak eta Madrilgo Udaltzaingoak 300 agente bidali zituzten Lavapiesera La Quimera husteko, eta hamahiru pertsona atxilotu zituzten. Antza, gaur egun, 70 pertsona inguru bizi ziren zentroan, eta guztiak etxegabetu dituzte. Aurreko urteetan, kolektibo sozial eta kultural ugarik ere erabili dute eraikin okupatua haien jardunerako.
L'Esporari dagokionez, desalojorako finkatuta zegoen eguna baino lehenago hustu dute mossoek, aurretiazko jakinarazpenik gabe; izatez, gaurko zegoen jarrita eraikina husteko data. Zehazki, eraikineko beheko solairua da hustu dutena, eta kanporatu egin dituzte han bizi ziren pertsonak.
Errakiren arabera, "azken egunetako gertakariek argi erakutsi dute nola jarraitzen duen areagotzen okupazioaren kontrako ofentsibak". "Egoera honi aurre egiteko, ezinbestekoa da Langile Kontrolpeko Espazioak defendatzeko gaitasunak irabazten eta indartzen jarraitzea", gaineratu du Errakik: "Norabide horretan, berri on bat da Burgosko Centro Juvenil Sozialista bezalako espazioen irekiera".