AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/19 11:30

Istiluen kontrako mossoek goizeko 06:00ak aldera ekin diete Alellako (El Maresme, Bartzelona) La Gaietana eraikin okupatua husteko lanei. Ehunka polizia-agente bertaratu dira, eta mailukadaka bota dute eraikineko atea. Hainbat lagun zeuden barruan, espazioa defendatzen, eta handik kanporatu dituzte 50 mosso inguruk, kolpeka eta modu bortitzean. 07:00ak alderako hustu dute etxea.

XV. mendeko eraikin bat da La Gaietana, eta Crepería SA enpresa da legezko jabea, Allellako ondare historikoaren parte izan arren, espazioko kideek salatu izan dutenez. 2019an birjabetu zuten etxea hainbat pertsonak, "herriari irekitzeko".

Hasieran, Mataróko epaitegi batek apirilaren 30erako finkatu zuen La Gaietana husteko eguna. Gerora, baina, data irekiko huste-agindu bat sartu zuten indarrean, epemuga zehatzik gabe. Horren harira, azken egunetan ekimen ugari izan dira espazioan, Rèsistencia Oberta izenburuaren pean. Honakoa zen bigarren erresistentzia astea.

Joan den otsailaren 9an ere izan zen La Gaietana husteko saiakera bat, baina ehunka lagun bertaratu ziren desalojoari aurre egiteko, eta behin-behinean etetea lortu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK