AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/24 09:14

La Caixak pertsona bat etxegabetu nahi du bihar, maiatzaren 25ean, Erandion (Bizkaia). Kaleratze-data hainbatetan atzera botatzea lortu badu ere, biharko dago jarrita behin betiko etxegabetze-data. Hortaz, protestara deitu dute Bilboko (Bizkaia) Etxebizitza Sindikatuak eta Uribe Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak: etxegabetzeari aurre egiteko eta etxegabetua izatear dagoen bizilagunari babesa emateko asmoz, elkarretaratze bat antolatu dute biharko, 10:30erako. Ordu horretan Tartanga kaleko 8-J atarira bertaratzeko deia egin dute.

Bizilagunak bost urte daramatza etxe horretan bizitzen, eta gaur egun La Caixaren jabetzakoa da. Zenbait trikimailuren bidez, etxegabetze-prozedurak aurrera egitea lortu du banketxeak. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu du, "gainerako banku, inbertsio-funts eta kapital handientzat bezala", "bere irabazi ekonomikoa zein eragin sozial eta politikoa handitzeko bitarteko" bat dela higiezinen merkatua La Caixarentzat.

"Nahiago dute, alde batetik, etxebizitza hutsak pilatzea eta, bestetik, jendea etxerik gabe gelditzea edo bizi-baldintza ezegonkor eta prekarioetara kondenatzea", diote Etxebizitza Sindikatuko kideek.

Alternatibarik ez

Ohartarazi dute, gainera, bere etxetik kaleratua izango den pertsonak ez daukala inolako etxebizitza-alternatibarik ziurtatuta une honetan. Aurretik alternatiba posible batzuk eskaini izan dizkiote erakunde publikoek, baina partzialak izan dira, eta, gainera, aukera horiek ere ukatu dizkiote gero. Gaur-gaurkoz ez dago inolako aukerarik mahai gainean, eta kale gorrian geratzeko arrisku bizian dago bizilaguna. Jakinarazi du, bestalde, prozesu horretan zehar mehatxuak jasan dituela telefonoz.

Neurriak, ezerezean

"Espainiako Gobernua demokraziaren historiako legegintzaldirik 'aurrerakoiena' aurrera atera izanaz harrotzen da. Oraindik indarrean dagoen moratoria bezalako neurrien bidez, etxegabetze mota batzuk bertan behera utzi dituztela diote. Baina, egiazki, horietako batzuk geroratzea baino ez dute lortu", azaldu du Etxebizitza Sindikatuak. Nabarmendu du, esaterako, Erandion biharko etxegabetze-agindu bat egoteak "erakusten" duela "euren neurriak ezerezean gelditzen direla".

Etxegabetze guztien kontra

"Beharrezkoa da etxegabetze forma oro bertan behera geratzea exijitzea, era iraunkorrean eta baldintzarik gabe", aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatuak. Xehatu du ez dela inola ere nahikoa "behin-behineko luzapenekin edo arazoa atzeratzearekin", eta "pertsona ororentzat baldintza berdinak edo egokiagoak dituen alternatiba bat bermatu dadin borrokan" jarraituko duela; "edozein izanda ere bere jaioterria, gaitasun ekonomikoa edo bestelako ezaugarriak".

EZ DAGO IRUZKINIK