AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Kristau Eskoletako langileen manifestazioa bat.
2019/11/07 11:36

Aste hasieratik ari dira biltzen Kristau Eskoletako langile ordezkariak eta Lan Harremanetarako Kontseilua. Azken asteetan akordioa eman zitekeela zirudien arren, langileek ez dute nahikotzat jo Kontseiluaren proposamena. Hala, atzo iluntzean egin zuten azken bileraren ondoren, gaur, lanuzteak abiatu dituzte berriro beharginek. Mobilizazioen eragina murrizten saiatzeko, gutxiengo zerbitzuak ezarri ditu dagoeneko Lan eta Justizia Sailak; bikoiztu egin ditu, gainera, aurreko grebaldiko gutxiengo zerbitzuak. Hori greba eskubidearen urraketa da, langileen arabera.

Beraz, lan hitzarmena berritzeko mobilizazioekin jarraituko dute langileek gaurtik aurrera. Hamar urte daramatza hitzarmenak berritu gabe, eta besteak beste, lanik gabe geratu diren beharginen lanpostuak mantentzeko bermeak jar ditzan eskatu diote patronalari langileek, baita soldaten berdintzea ere Bigarren Hezkuntzan.

Lan hitzarmena berritzeko negoziazioa

Berria egunkariak jaso duenez, atzoko negoziaketen ondoren, Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendariak azpimarratu zuen "azken xehetasunak" baino ez direla falta akordioa lortzeko. Hain zuzen ere, negoziatu dituzten gai guztietan "aurrerapen handiak egin direla" esan zuen. Langile ordezkariak, baina, "zuhurrago" mintzatu ziren. Izan ere, ELA sindikatuak (sindikatu nagusia) azpimarratu zuen, Kontseiluarekin adostutakoak, ondoren, onartu egin behar dituela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Hezkuntza Sailak ez du parte hartu negoziaketetan. Administrazioak argudiatu du langileen eta Kristau Eskolaren arteko lan gatazka dela mahai gainean dagoena.