Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistako kideek martxan jarri dute berriz oinarrizko produktuen eta elikagaien bilketa Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan (Gipuzkoa). Uztailean bi hilabetetarako banaketa egin ondoren, eten bat izan zuten abuztuan. Horren ostean, joan den astean hasi zituzten bilketa eta banaketa lanak.
Hemendik aurrera, larunbatero izango dira hiru herrietako saltokien atarietan, 10:00etatik 13:00etara.
"Eskaerei erantzuteko ekarpenak behar ditugu"
Uztailean abiatu zuten 10 euro edo gehiago kanpaina, oinarrizko elikagaien eta produktuen bankua indartzeko. Orain arte, 503 pertsonaren eskaerak jaso dituzte, eta horiei guztiei erantzun ahal izateko sortu zuten kanpaina. "Garai zailak datoz, eta langile elkartasuna antolatzea dugu helburu. Jaso ditugun eskaerei aurre egin ahal izateko ekarpenak behar ditugu", diote; "gainera, eskari guztiei erantzuteko baliabide jarraituak bermatzea nahi dugu".
Hiru dira bankuan ekarpena egiteko moduak: alde batetik, hilabetero 10 euro edo gehiagoko ekarpen ekonomikoa eginez (688 769 047 telefono zenbakira idatzita zein deituta, edota mezu bat bidalita krisilehengaibankua@gmail.com e-mail helbidera, izen-abizenak, ekarpenaren zenbatekoa eta kontu korronteko zenbakia zehaztuz); bestetik, produktuak dohaintzan emanez; eta azkenik, boluntario lanetan arituz.