Arrasateko (Gipuzkoa) bihotzean prentsaurreko jendetsu bat egin dute gaur, aurreko barikuko gertakarien harira izandako aste gorabeheratsua eta gero, Arrasateko Gaztetxeak (AGAKO) deituta. Izan ere, urtarrilaren 9 gauean, kalean grafitiak margotzen ari ziren zenbait adingabe jarraitu eta jazarri zituen Arrasateko Udaltzaingoak: Gaztetxe inguruan gazteetako bat bortizki atxikitzen saiatu ziren udaltzainak, eta bigarren bati, Ferrerias kalean jausi ostean, besoa harrapatu zioten autoz.
Gaurkoan Arrasateko Plazan salatu dutenez, "udaltzainen segada bat" izan zen adin txikiko arrasatear horiek barikuan jasandakoa. Zenbait komunikabidek kontakizuna manipulatu duten arren, Gaztetxe parean gertatutakoa ere argitu dute agerraldian: Gaztetxetik irten ziren pertsonek, hain zuzen, laguntza eskatzen ari zen adingabeari laguntzen saiatu besterik ez zuten egin, azaldu dutenez. "Ez zuten ez udaltzainen aurka egin ez eta makilekin azken horiek mehatxatu ere, udalak esan duenaren kontrara. Udaltzainek bertan aurkitu zuten makila Gaztetxeko atea ixteko erabiltzen dena da", ohartarazi dute.
Udalaren kontaketa faltsua
"Udal-taldea osatzen duten alderdiek gezurretan oinarritutako errelato interesatua zabaldu dute, Gaztetxearen eta gazteria langilearen kriminalizazioari bidea ireki diona. Gerora, Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa bezalako komunikabideek errelato hori erreproduzitu dute", gaitzetsi dute prentsaurrekoan: "Errelato interesatua diogu, gure ustez benetako arazotik fokua desbideratzen saiatu direlako, existitzen ez diren gazte biolentoetan jartzeko, udalaren azken aldiko politiketan jarri ordez".
Hori gutxi balitz, seinalatu dute EH Bildu buru duen udalak "zaku berean sartu" dituela udal-langile guztiak bere idatzian, "udaltzaingoaren eta gainontzeko udal langileen arteko berdinketa bat egiten saiatuz". Eta gaineratu dute: "Denok dakigu honetan guztian udaltzaingoak eta udalak dutela erantzukizuna; eta ez brigadako langileak, BAZeko langileak ez eta administrazioko langileak ere".
Fokua udalaren politiketan: neurri autoritarioak
Arreta Arrasateko Udalaren politiketan jarrita, azken hilabeteetan "eskubide politikoen murrizketa eta jarrera autoritarioen areagotzea" nagusitu direla ohartarazi dute agerraldian bildutako pertsonek. Eta horren hainbat erakusle aipatu dituzte: "Hilabeteak daramatzagu lan politikoa egitearren isunak jasotzen eta udaltzainen jarrera autoritarioa sufritzen. Gainera, kartelek, pankartek eta abarrek ez dute egun bakar bat ere irauten gure kaleetan, kale-garbitzaileek kendu egiten dituztelako udalaren aginduz".
Kritikatu dutenez, horretarako, 2016an "EAJk garbitasunaren aitzakiapean eragileen lan politikoa mugatzeko" egindako udal-ordenantza ("kale-garbiketari dagokion ordenantza") erabiltzen dute EH Bilduk eta Podemosek, "gure kaleetatik propaganda politikoa kentzeko".
Exijentziak udalari
Udalari hainbat exijentzia egin dizkiote Arrasateko Plazan bildutakoek. Aurreko ostiraleko gertakarien harira martxan jarritako "kriminalizazio-kanpaina amaitu" dadila exijitu diote batetik, baita "etor daitekeen errepresioari" bukaera eman diezaiola ere. Bigarrenik, "udalaren eta udaltzaingoaren jarrera autoritarioa amaitu" dadila eskatu dute; eta hirugarrenik, "mozal ordenantza indargabetzeko" eskaera egin dute.
Prentsaurrekoan gogoan izan dute udalak hainbatetan hitzeman duela ordenantza bertan behera utziko zuela: "Hauteskunde-garaian eta legealdiaren hasieran hainbatetan eman zenuten hitza; mozal legea kendu eta, garbiketa-ordenantza berri bat adosteko, herriko eragileekin adoste-prozesu bat hasiko zenutela". Udalari eskatu diote, beraz, emandako "hitza bete" dezala eta ordenantza ezezta dezala, "garbiketa-ordenantza justu bat adosteko prozesua abiaraziz".
Biraketa autoritario orokortua
Arrasateko Udalaz harago, baina, "estatuak oro har zein norantzatan ari diren eraldatzen" seinalatu dute gaur, "joera hori denok kezkatzeko modukoa delako". Eta jarraitu dute: "Alderdi politiko nagusiak, komunikabideak, sare sozialak eta abar luze bat posible egiten ari direna da estatuak gero eta autoritarioagoak bihurtzea eta, ondorioz, langile-klaseak gero eta eskubide politiko gutxiago izatea, ekonomikoki gero eta pobreago den aldi berean".
Horren guztiaren kontra, eta "gure txikitasunean", joera horri aurre egiteko eta "oinarrizko eskubideen aldeko praktikak sustatzeko hautua" egin dutela adierazi dute plazan bildutakoek. "Faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako borroka" aldarrikatu dute, eta dei egin dute "joera historiko horren aurka kaleak hartzera eta borroka egitera".