AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / LAB
2024/11/21 10:43

Urtarrilaren 28an epaituko dituzte zazpi pertsona, aurreko Korrikan, 36 pertsona migratzaileri Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) bereizten dituen muga gurutzatzen laguntzeagatik. Martxoaren 14an, Korrikarekin batera, Santiago zubia igaro zuten hainbat pertsona migrantek, zenbait aktibistarekin batera. Jendarmeen kontrolak ohikoak dira zubian, baina Olinpiar Jokoen aitzakiapean, gainera, polizia-kontrol gogorragoak ezarri zituen mugan Frantziako Gobernuak.

Joan den urrian deitu zituen seinalatutako zazpi lagunak Frantziako Estatuko Justiziak. Hendaiako komisarian sei orduz izan zituzten atxiloturik, eta epaitegian deklaratu ondoren, euren aurkako akusazioen berri izan zuten. Pertsonen salerosketarako talde antolatu baten parte izatea egotzi nahi diete, "desobedientzia zibileko" ekintza bati lotuta. Dena den, kolektibo eta norbanako ugarik hartu dute euren gain martxoaren 14ko ekintza, auzipetuak babestuz.

J’accuse kanpaina jarri dute martxan

Epaiketaren berri izatean, "autoinkulpazio kanpaina bat" abiatu dute, J’accuse (Salatzen dut, frantsesez) lelopean. Berriki egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, "desobedientzia zibileko ekintza" bat izan zen martxoaren 14koa, eta hiru helburu zituen: Europako "immigrazio-politika salatzea", Frantziako Gobernuak "eskuin muturraren laguntzarekin ezarri duen azken Immigrazio Legea" gaitzestea, eta "mugak behin betiko ireki" ditzatela eskatzea. 

"Ez dugu epaiketa hau onartzen", nabarmendu dute. "Immigrazio-politika anker eta hiltzaileak" seinalatu dituzte, eta "muga arrazista eta bidegabeen" errudunak "agintariak eta legeak" direla diote. Horiek dira, agerraldian azpimarratu dutenez, "zigortu behar direnak", ohartarazita Bidasoan eta inguruko trenbidean izan diren gutxienez bederatzi heriotzaren "arduradunak" direla.

Horri lotuta, manifestazio bat antolatu dute urtarrilaren 26rako. Irungo Ficobatik Hendaiara izango da, "migratzeko eskubidearen alde" eta "mugak apurtu eta zubiak eraikitzearen alde".

EZ DAGO IRUZKINIK