AKTUALITATEA / Errepresioa
Komisaria "misto" berri bat egingo dute Egian, udaltzainentzat eta ertzainentzat
Udalak dio "proiektu aitzindari" bat izango dela, "polizia-indarren arteko elkarlanari" begira. Jakinarazi du, gainera, 100 udaltzain gehiago hartuko dituela uda garairako. "Noren segurtasunarekin dago kezkatuta Insausti?", galdegin dute Donostiako Kontseilu Sozialistatik.
2026eko ekainaren 22 - 09:22
Komisaria "misto" berri bat egingo dute Egian, udaltzainentzat eta ertzainentzat
— ARGAZKIA Inge Arzensek/Irutxuloko Hitza

Polizia indartzeko neurri gehiago hartuko ditu Donostiako Udalak. Jon Insausti (EAJ) alkateak berriki azaldu dio Vocento taldeari 100 udaltzain gehiago hartuko dituztela, printzipioz, uda garairako. Horrez gain, komisaria berri bat egingo dute Egia auzoan, Nestor Basterretxea plazan hain zuzen ere.

Polizia-etxe "misto" bat izango da, Ertzaintzak eta Donostiako Udalak partekatuko baitute. Udal-gobernuak hilabete honetan onartu du proiektua, eta Diario Vasco-ren arabera, behin baino gehiagotan esan du komisaria berria "proiektu aitzindari" bat izango dela, "polizia-indarren elkarlana" sakontzeko bidean.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Kontseilua_Don/status/2067167367281422539

Alkatearen azken adierazpenen harira, galdera bat egin du Donostiako Kontseilu Sozialistak: "Noren segurtasunarekin dago kezkatuta Insausti?". Eta gaineratu du: "Etxebizitzaren eta turismoaren negozioek donostiar langileria pobretzen dute. Bitartean, Insausti alkateak segurtasunaren aitzakia darabil hiri-eredu kapitalistaren aurkako borroka isilarazi eta eskubide politikoak zapaltzeko". Horren adibidetzat hartu du "azken hilabetean 1.500 kartel eta pankarta kentzea onartu izana".

Donostiako Kontseilu Sozialistak, hain justu, manifestazio bat dauka antolatuta hiri-kapitalistaren aurka, larunbat honetarako, hilaren 27rako.