Directa hedabideak ekain hasieran plazaratu zuen ikerketak agerian utzi zuen: Espainiako Poliziako agente bat bi urtez egon da Kataluniako hainbat mugimendutan infiltratuta, identitate faltsu bat erabilita. Besteak beste, Resistim al Gòtic izeneko asanbladan, Lina Òdenako Casal Popularra hustearen kontrako ekimenean zein SEPC ikasle sindikatuan hartu izan du parte polizia horrek, eta Endavanten aritzeko saiakera ere egin zuen. Kasu hori argitara eman zutenean, Espainiako Barne Ministerioak ez zuen adierazpenik egin, eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak salatu zuen "probarik gabeko espekulazioak" baino ez zirela Directa-k zabaldutakoak.
Ekain bukaeran, beste infiltrazio kasu batek ere sona handia izan zuen: Directa-k eta Diari Ara-k azaldu zuten Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) alderdiko gazteen kolektiboan salatari bat infiltratzen saiatu dela aurten Espainiako Segurtasun Nazionaleko Saila. Espainiako Gobernuko Lehendakaritza Ministerioaren menpekoa da sail hori, eta antza, Batec mugimendua zelatatzea zen bere asmoa, infiltrazio baten bidez. 24 urteko gazte bati proposatu zioten salatari modura aritzeko; orain arte birritan aurkeztu da Mosso d'Esquadra izateko oposizioetara, eta ERCko gazteen kolektiboko kide zen lehen.
Gerora, baina, egin ditu zenbait aitorpen Grande-Marlaskak, Òmnium Cultural kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalean jarritako salaketaren harira: uztailean onartu zuen polizia-agenteak sartu dituztela Kataluniako hainbat mugimendutan. Bere esanetan, "zilegia eta aproposa" da "segurtasunerako eta ordena publikorako interesekoa den informazioa biltzea,
gizabanako erradikalak edota legez kanpoko proiektu sezesionistekin
konprometitutakoak mugitzen diren ingurunean". Are: "terrorismoarekin" lotu ditu mugimendu horiek, Òmnium Culturalek salatu duenez.