Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak salatu duenez, joan den abenduaren 17tik, Zaballako (Araba) espetxean bertan behera utzi dituzte presoek izan ditzaketen bisitak, bai abokatuenak bai senide eta lagunenak. Elkargoaren arabera, "defentsarako eskubidearen urraketa larria da" hori, eta kartzelako funtzionarioen ezkutuko greba baten ondorio izan liteke. Presoen oinarrizko eskubideen urraketa bat da aurrez aurrekoak bertan behera geratu izana, eta, horren aurrean, EAEko kartzelen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak esan du laster berrezarriko duela hain oinarrizkoa den komunikazio-bide hori; bisitak.
Bilboko (Araba) Espetxe-Zaintzako Epaitegiak eskatu du kartzelarien artean izandako bajen gorakada iker dezatela, tailerrak ixtea eta presoen komunikazio-bideak indargabetzea eragin baitu horrek. Gainera, Tinko antolakundeak jakinarazi du Zaballako presoek asteak daramatzatela euren modulutik atera gabe. Presondegiko zuendari Benito Agirrek baieztatu duenez, 73 lan-baja erregistratu dituzte abenduaren 4tik, eta 840 presori eragin die horrek. Krisiaren aurrean, Jaurlaritzak 32 funtzionario sartzea onartu du, hamar atzo eta 22 datorren astelehenean, presoek dituzten oinarrizko eskubideak bermatzeko, antza. Agirrek ziurtatu du "hezkuntza-, kultura- eta aisialdi-zerbitzuak lehenbailehen berraktibatuko" dituztela.
Justizia Saila, beraz, langile berriak sartzen hasi da, eta baja eskatu dutenen kontra diziplinazko zigorrak ezartzea aztertzen ari omen da. UGTk, Jose Ramon Lopez presidentearen bitartez, "Jaurlaritzaren espetxe-kudeaketa" kritikatu du, eta "langile eta baliabide faltak jarraitzen badu sistema kolapsatzeko arriskuaz" ohartarazi du. Bien bitartean, Zaballako zuzendariaren hitzetan, bisita presentzialak berehala berrezartzerik ez badago, "presoak euren familiekin komunikatu ahal izango dira tableta elektronikoen bidez".
Tinkok zorrotz seinalatu du: "Kartzela bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren
parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa izateaz
gain, boteretsuen etekinak babesteko erreminta garrantzitsuenetakoa da, eta bizkarroi hutsak diren kartzelariak ogi-papur batzuk gehiago ari
dira eskatzen betetzen duten morroi funtzio horren truke, babesgabeenen
kontura baldin bada ere". Jaurlaritzaren "administrazio publikoaren utzikeria" salatu du, gogoraraziz "Euskal Herriko kartzeletan ere errepresioak darraiela".