AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Tolosaldeko GKS
2025/04/16 10:49

"Mikel San Sebastian Gaztelumendi, Garikoitz Etxeberria Goikoetxea eta Jon Kepa Preciado Izarra gara, euskal preso politikoak, espetxean urte mordoxka daramatzagunak", azaldu dute hirurek elkarrizketa honetan hitza hartzean. "Urte batzuk badira Euskal Preso Politikoen Kolektibotik (EPPK) irten ginela bere ildo-aldaketarekin bat egiten ez genuelako. Bakoitza garai ezberdinetan atera gara, norbere bilakaera politiko zein pertsonalari jarraiki", ekarri dute gogora: "Pauso horrek gure militantzia suspertu zuen eta, geroztik, euskal preso politiko moduan jarduten saiatzen gara, gure aurkako erasoei aurre eginez nahiz gure ekarpen politikoak helaraziz".

Zentzu horretan, diote "pozez" eta "erantzukizunez" hartu zutela GEDAR LANGILE KAZETAk elkarrizketa baterako egindako proposamena, eta helburutzat izan dutela "defendatzen dugun preso politiko izaera balioan jartzea eta galdera bakoitzari zintzotasunez erantzutea".


Zaballan bahitutako preso politikoak zarete. Zer da kartzela eta zer dakar kartzelak prozesu iraultzaile batentzat?

Kartzela, oro har, sistema kapitalistak klase zapalduak baztertzeko eta zigortzeko darabilen itzalpeko eremua da. Bertan, kapitalismoaren alderik gordinenak azaleratzen dira: dominazioa, agintekeria, ustelkeria, tortura, arrazakeria, patriarkatua, osasun-utzikeria... Egungo espetxe-sistema presoaren morrontza indibidualizatura bideratuta dago. Bide horri men egiten diona sarituko du, berez eskubide ditugun baldintza hobeekin. Aldiz, bide horri uko egiten dionak zigorra jasoko du bizi-baldintza okerragoekin.

"Ahal duen neurrian espetxean ere borrokan jarraituko du militanteak. Beste ekinbide bati atxikita, beste trintxera batetik alegia, bere ekarpena eta presentzia ezinbesteko izanen dira prozesu iraultzailearentzat"

Prozesu iraultzaileari dagokionean, argi dago sistema kapitalista eta bere status quo politikoa kolokan jarriko duen oro indargabetzeko nahiz prozesua bera oztopatzeko darabiltela kartzela. Esparru honetan kartzela militante politikoa deuseztatzea bilatzen duen instituzio gupidagabea da, eta horren ondorio anitzen memoria kolektibo zabala dauka Euskal Herriak. Militanteak gatibutzeak prozesu iraultzailea kaltetuko du, noski, baina ahal duen neurrian espetxean ere borrokan jarraituko du militanteak. Beste ekinbide bati atxikita, beste trintxera batetik alegia, bere ekarpena eta presentzia ezinbesteko izanen dira prozesu iraultzailearentzat.

Zer da preso politiko izatea eta nola gauzatzen da hori kartzelako egunerokotasunean?

Kaleko ekinbide politiko iraultzaileagatik espetxeratuak gara preso politikoak, baina aldi berean kalean borrokatzeko geneuzkan arrazoi berberekin herriarekin bat borrokan darraigunak, baldintza zailagoetan eta ekiteko aukera mugatuagoekin bada ere. Zapalkuntzaren aurkako gure borrokak presondegian jarraitzen du, eta epaitegi faxistetan epaitegiaren nahiz epaiketaren zilegitasuna ukatu izan genuen moduan, kartzelan ere gure jarrera salatzailea da.

"Kaleko ekinbide politiko iraultzaileagatik espetxeratuak gara preso politikoak, baina aldi berean kalean borrokatzeko geneuzkan arrazoi berberekin herriarekin bat borrokan darraigunak"

Espetxeari dagokionean, gure duintasunari eustea borrokaleku bilakatzen da eta etengabeko jarduera izan ohi dugu gure bizi-baldintzen defentsan, espetxe-egituratik datozkigun bidegabekeria eta inposaketei ere uko nahiz aurre eginez ezinbestean. Espetxe-sistemak preso ororen makurtzea eta zigortzea denon banakotzean oinarritzen duenez, preso politikook indargune dugu kolektibotasuna, eta gure arteko elkartasunak eta batasunak babesten nahiz indartzen gaitu bere aurrean.

"Espetxe-sistemak preso ororen makurtzea eta zigortzea denon banakotzean oinarritzen duenez, preso politikook indargune dugu kolektibotasuna"

EPPK-ko kide izanak gara, eta berau kolektibo bat zen garaian, preso politiko eredu bat eratua genuen, zeina aldian-aldian berrikusten eta moldatzen zen unean uneko baldintzen arabera. Jardun hark kolektibotasuna zuen ardatz, bere tasun eta keria guztiekin, eta horrek ematen zigun indarra edozein egoerari aurre egiteko. Hausnartuz, eztabaidatuz eta adostuz jarduten genuen, talde-dinamika etengabean.

Euskal preso politikoak orduan izan ginenetik zer ikasi asko dagoen arren, ez da zertan eredu bakartzat hartu. Garaian garaiko preso politikoei dagokie barruan zein kanpoan daukaten indar-korrelazioaren araberako euren eredua eratzea. Beti ere ardatz izanik jarrera intsumitua eta Amnistia Osoaren aldarria; bere kausa politikoari bizkar eman gabe, zapaltzaileen aurkako borroken zilegitasuna defendatuz eta bere borroka-ibilbideari uko egin barik.

Zergatik egin uko, orduan, EPPK-ko kideen gehiengoak onartu dituen irteera-baimenei eta bestelako espetxe-onurei?

Espetxe-sistemari kontzientzia politikoz uko egiteaz gain, hainbatek "legebide" deitzen dutenak presoa morrontzara bideratzen du, espetxearen zerbitzura lan eginaraziz, baita espetxearekiko jarrera otzan bat mantentzera ere, balizko diziplina-zigorrak saihestearren; halako batek aldi baterako bertan behera utz baitezake derrigorrezko "orbanik gabeko espetxe-ibilbidea".

Euskal preso politikoen kasuan, gainera, euren politikotasunari uko egin behar izaten diote. Ez zigun garaian alferrik deitu "pertsona presoak" Sarek, gerora "euskal presoak" deituran geratu dena. Horrekin batera, aurreko aldi politiko armatua errefusatzea nahiz "Justizia Errestauratiboa" delako bide eraberrituan parte hartzera behartzen dituzte. EPPK-ko kidegoaren gehiengoa murgildu da horretan, baina ez denak. Bilakaera ezberdinak izan dira, batzuk hasieran murgilduagatik ere, beste askok ez baitiote gogo edo erabakitasun berberarekin ekin "legebide" horri.

"Aipatzekoa da ildo horretan Sortu-Sare-EPPK-k bere kidegoari eragiten dion presio iraunkorra, beste irenbiderik ez dagoelako argudiopean. [...] Presio hori [...] intentsitate handian garatu da afera ezberdinen garaietan. Horrela da gerturatze eta Euskal Herriratze garaietan, nahiz Frantziako kartzela-urteen aferetan"

Azken buruan norberaren hautua izan arren, aipatzekoa da ildo horretan Sortu-Sare-EPPK-k bere kidegoari eragiten dion presio iraunkorra, beste irenbiderik ez dagoelako argudiopean. Ulertu behar da EPPK erreformismoaren euste-horma baten gisako tresna dela egun, eta bere ildoak ere instituzio burgesetara guztiz atxikitako estrategia politikoaren interesei erantzuten diela. Presio hori azken urteotan etengabekoa izan da eta intentsitate handian garatu da afera ezberdinen garaietan. Horrela da gerturatze eta Euskal Herriratze garaietan, nahiz Frantziako kartzela-urteen aferetan.

Nola ikusten duzue euskal preso politikoen egoera preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan bildurik zaudetenetik? Eusko Jaurlaritzak espetxeen gaineko zenbait eskumen eskuratu zituenean, nolako trataera jaso zenuten?

Aipatu nahi genuke Iruñean preso dauzkatenek estatu espainiarraren agintaritzapean dirautela. Frantziar estatuan ere badira beste hainbat, eta bada kide neska bat Paristik urrunago kokatutako presondegi batean bahiturik daukatena. Noski, kide horrekin harremantzeko eta antolatzeko arazo gehiago dauzkagu.

Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko kartzeletan bizi-baldintzen aldetik estatu espainiarrekoetan azken urteetan bezalatsu gauzkate. Izatekotan, iraganean kartzelariengandik gurekiko zegoen jazarpen itogarri hura apaldu da. Egia da egunerokotasunean beharrezko izan ohi ditugun hainbat gauza (etxeko izarak, mantak eta toallak, eskulanetako materialak, kirol materialak...) lortzeko espainiar estatuan baino traba eta debeku gehiago dauzkagula hemen.

Senide eta lagunek orain bidaia askoz laburragoak egin behar dituzte gurekin egoteko. Dena den, hemen bisita kopuru murritzagoa daukagu eta denboraz laburragoak dira. Eraso batzuk ere jasan izan ditugu:

Euskal Herriratu berritan, kide batek ziega berean beste preso batekin bikoizteari uko egin eta hilabetez isolamendu-egoeran eduki zutenekoa; haustura politikoan kokaturiko antolakundeetako kide nahiz jarraitzaileei gugana bisitan etortzea ukatu zietenekoa, eta esan beharrean gaude azken asteotan berriro ari garela ildo bereko debekuak jasotzen; mintzalekuak matxuratu eta espetxeak horiek konpontzen ez zituenekoa; kartzelariek gaixotasun-baja kolektiboa hartu eta hilabetez konfinatu nahiz astebetez bisita nahiz abokatu-eskubideak urratu zizkigutenekoa; kultur ekitaldietarako betoa ezartzen zigutenekoa hainbat kide zein kulturgileri, bisitak ukatzen zizkiguten argudio kontrairaultzaile berberarekin; kultur ekitaldietarako kulturgileei ezarri berri dizkieten baldintza faxistak, eta abar.

Aldaketa nabarmenena, hala ere, EPPK-ko kidegoaren gehiengo zabala egunerokotasunean espetxearen zerbitzura lanean murgilduta topatzea izan da, urte luzez "espetxeak apurtu" filosofiarekin ondoan jardundakoak espetxeari zaintza-lanak egiten ikustea.

"Azken bi urteotan Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeek erakutsi dute estatu espainiarreko espetxe-eredu berbera mantentzen dutela, espetxe-sistema besarkatzen dutenak sarituz eta hari uko egiten diotenak zigortuz"

Finean, Sortuk instituzioetara emandako ziaboga estrategiko bertsua eman du azken urteotan EPPK-k, alderdi nahiz koalizio jakinen interesen menera lerratuta, noski. Beti gorrotatu eta borrokatu izan dugun horretan dihardute kalean zein barruan sistemaren parte bilakaturik, berau elikatuz eta bertoko egiteko moduak eurenganatuz. Azken bi urteotan Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeek erakutsi dute estatu espainiarreko espetxe-eredu berbera mantentzen dutela, espetxe-sistema besarkatzen dutenak sarituz eta hari uko egiten diotenak zigortuz.

Pasa den urtean batzen hasi eta zenbait borroka-prozesu eraman zenituzten aurrera. Zein balorazio egiten duzue emandako pauso horien inguruan?

Elkarrekin bildu gaitezkeela baliatuz, EPPK-ko nahiz hortik kanpoko 20-25 kidek osatutako eztabaida-gune bat eratu genuen eta oso aberatsa izan da prozesua. Aurrez aipaturiko arazoei kolektiboki eta borrokaldiekin erantzun genien, zenbaitetan herritar asko borrokan gurekin murgildu ziren, eta emaitza apartak lortu. Borrokak merezi duela erakutsi ahal izan genuen guztion artean.

"Elkarrekin bildu gaitezkeela baliatuz, EPPK-ko nahiz hortik kanpoko 20-25 kidek osatutako eztabaida-gune bat eratu genuen [...]. Aurrez aipaturiko arazoei kolektiboki eta borrokaldiekin erantzun genien, zenbaitetan herritar asko borrokan gurekin murgildu ziren [...]. Borrokak merezi duela erakutsi ahal izan genuen guztion artean"

Garbi daukagu beti jazoko direla borrokatu beharreko egoerak eta esperientziak erakusten digu beti adi egon behar garela kartzelan. Bestalde, ekarpen politikoak ere plazaratu izan ditugu, batzuk borroka-ekimen eta guzti. Besteren artean, Katalunian izandako Amnistia faltsua salatzeko, Palestinako Herriaren genozidio sionista salatzeko, Uruguayko El Filtroko militante internazionalista erailen 25. urteurrenekoa... Euskal Herri borrokalariarekin bat jarduten saiatu gara.

Nolako baldintzak dituzue borrokan jarraitu eta militante politiko izaten jarraitzeko? Preso politikoak kartzela berdinetan kontzentratuta egoteak antolatzeko eta borrokarako baldintzak hobetzen dituela pentsa daiteke. Baina hala al da? Zein zailtasun dituzue gaur egun?

"Batuta" gauzkatenetik baldintza apartak dauzkagu jardun politikorako, elkarrekin biltzeko aukerak ematen baitigu bide kolektibotasunez aritzeko. Gure aurrekoen ondareak eta geure esperientziak eman dizkiguten armei eta kontzientziari helduta darraigu preso politiko izaerari eusten eta, errepresioari aurre egiteaz gain, Euskal Herrian egiten ari den askapen-prozesuan geure alea jartzeko ahalegin betean.

Arlo horretan, kalean lan politiko iraultzailean diharduten antolakunde eta herritarrek asko laguntzen digute, espetxeetako egoeraren berri emanez, Euskal Preso Politikooi ahotsa emanez eta Amnistia Osoaren aldeko ezinbesteko lan politikoa gauzatuz. Bakoitza antolakunde politiko ezberdinekin elkarlanean ari gara eta Euskal Herrian zein munduan zeharreko gatazka politikoen jarraipena egiteko hainbat aldizkari eta libururekin moldatzen gara. Gaur egun zailtasunik handiena sare antisozialetara irismenik eza da, eta senide-lagunek ibili behar izaten dute noizero bertoko edukiak papereratzen. Aipatu behar dugu maiz desagertzen zaizkigula jaso beharreko gutunak Zaballako espetxean.

Preso Politikoen Nazioarteko eguna da gaur. Egun, zer nolako irakurketa egiten duzue preso politikoen kondizioaz? Nola lor daiteke preso eta errepresaliatu politikorik ez egotea?

Preso Politikoen Nazioarteko eguna data esanguratsua da guretzat, areago faxismoa eta bere ondorio errepresiboak ugaritzen doazenean mundu osoan zehar. Preso Politikoaren kondizioa estatu zapaltzaile baten eta bere errepresio politikoaren adierazle da, baina aldi berean, bada baita herri eta klase zapaldu baten askapen-borrokaren adierazle ere. Mundu osoko preso politikoei agur iraultzaile bat luzatu nahi genieke hemendik. Bereziki palestinarrei, egun bizi duten genozidio etnikoaren aurrean euren askapen-borrokarekin bat egiten dugula adieraziz.

"Preso Politikoaren kondizioa estatu zapaltzaile baten eta bere errepresio politikoaren adierazle da, baina aldi berean, bada baita herri eta klase zapaldu baten askapen-borrokaren adierazle ere"

Bigarren galderari erantzunez, Amnistia Osoaren bidez lortuko litzateke preso eta errepresaliatu politikorik gabeko egoera. Aldarrikapen negoziaezina izateaz gain, prozesu iraultzaile oso baten eskutik joan behar du. Nahitaezkoa da sistema kapitalistarekin amaitzea Euskal Herrian nahiz munduan zehar zapalkuntza nazional eta sozial oro desagerrarazteko baldintzak lor daitezen. Amnistia Osoak eskubide urraketa guztiei aurre eginen lieke eta egiazko bake eta askatasun baterantz gidatuko gintuzke, bide horretan preso politikoak askatuz, presoen kaleratzea ez baita Amnistia Osoaren helburu, ondorioetako bat baizik.

Kontuan izan behar dugu, gainera, 1977ko Amnistia Lege espainiar faltsu hark erakutsi zigula nola erabil ditzakeen estatu zapaltzaileak halako legeak justizia eskubideari kontra egiteko, gaur egun estatu espainiarrak legez darabiltzan erailketak, torturak, bahiketak eta abar ezkutatuz eta ahanzturara kondenatuz.

"Amnistia Osoa aldarrikatzea ildo iraultzailearekiko konpromiso zintzoa erakustea da"

Beraz, errepresioaren aurka borrokatzea dagokigu, Amnistia Osoaren alde borrokatzea hain zuzen. Amnistia Osoa aldarrikatzea ildo iraultzailearekiko konpromiso zintzoa erakustea da. Hortaz, norabide horretan lan eginez lortuko dugu preso eta errepresaliatu politikorik gabeko eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske bat eraikitzea.

Zein aldarri egin nahi duzue eta zer esango zeniekete irakurleei?

Elkarrizketa osoan zehar ildo bat zehazten saiatu gara, eta hori da aldarrikatu nahiko genukeena. Hau da, Euskal Preso Politikoen borrokak bizirik dirauela; oztopoak oztopo gure militantzia politikoaz aurre egiten diogula errepresioari, ildo iraultzaileei ekarpenak egiten dihardugula, eta zapaltzaileen nahiz euren morroien estrategien aurrean gure betiko konpromisoa berresten dugula.

"Gu ere haustura politikoan kokatzen gara eta elkarlanera egiten dugu dei. Herrigintzaren eta herri-borroken alor oro [...] erabat instituzionalizatu nahi den garai honetan, borrokan jarraitzeko esan nahi genieke irakurleei"

Oso gertu sentitzen ditugu kalean ausardiaz eta zintzotasunez borrokaren sugarra bizirik mantentzen dutenak, kapitalari eta Euskal Herriaren zapalkuntzari aurre egiten diotenak. Gu ere haustura politikoan kokatzen gara eta elkarlanera egiten dugu dei. Herrigintzaren eta herri-borroken alor oro (kultura, feminismoa, euskara, askapen-borroka, etxebizitza eskubidea, amalurraren defentsa, langile-eskubideak, mobilizazio-eskubidea, adierazpen-askatasuna, gatazka armatuaren ondorioekikoa...) erabat instituzionalizatu nahi den garai honetan, borrokan jarraitzeko esan nahi genieke irakurleei. Aldi berean, gurekin posta nahiz bisita bidez harremantzeko gonbita luzatzen diegu ideiak eta esperientziak elkartrukatzeko. Borroka da bide bakarra!

EZ DAGO IRUZKINIK