Larunbat gauean, Kanboko (Lapurdi) emakume bat taldean bortxatu zuten hiru gizonezkok, iruzur eta mehatxu egin ondoren. Gertatutakoa salatu zuen emakumeak eta atzo atxilotu zituzten erasotzaileak. Landetako Akizeko komisarian dituzte oraingoz.
Elkar ezagutzeko aplikazio baten bidez egin zioten iruzur emakumeari. Bortxatzaileetako batekin jarri zuen hitzordu bat, baina hiru gizonak batera bertaratu ziren, eta etxe batera eraman zuten. Gela batean giltzapetuta izan zuten lehenengo, eta, horren ondotik, arma batekin mehatxu eginda, bortxatu egin zuten. Erasotzaileek lo hartu zutenean lortu zuen emakumeak ihes egitea.
Gaur, asteartean, erasoa salatzeko protesta bat egingo dute Kanbon, Ipar Euskal Herriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta. 19:00etan izango da, herriko etxe aurrean.
Urruntze-agindu baten urraketa, Gasteizen
Gasteizen (Araba), gainera, 39 urteko gizonezko bat atxilotu dute, indarkeria matxista dela-eta emakume batekiko ezarri zioten urruntze-agindua hausteagatik. Igande arratsaldean izan zen: lekuko batek ohartarazi zuen urruntze-agindua urratzen ari zela erasotzailea, eta atxilo eraman zuten.
Azken egunetan, beste bi emakumek jasandako eraso matxisten berri eman dute Gasteizen bertan eta Tuteran (Nafarroa).