AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/12 17:38

Irakasle talde batek eserialdia egin du gaur Nafarroako Hezkuntza Departamentu aurrean, kalitatezko hezkuntzaren alde borroka egitera eta antolatzera deitzeko. Bi greba egun izan dira oraintsu Nafarroako hezkuntzan, eta hirugarren greba-egun bat ere antolatu dute sindikatuek, baina gaur protestara jo duten irakasleek salatu dute "hemen ez dela deus mugitzen". Betetzen ez diren "promesak entzuteaz nazkatuta" daudela diote: "Langileoi ez digute deus ere galdetzen [...] ez digute jaramonik egiten".

Aldarrikatu dute irakasleen beharrak "betikoak" direla oraindik, eta, besteak beste, behar bereziak dituzten ikasleak artatzeko bitarteko falta, azpiegitura eskasia eta orotariko baliabideen mugak azpimarratu dituzte. Departamentu parean egindako protesta amaitzean, Foruzaingoko hainbat agente bertaratu dira eta bertan zeuden irakasleen kontra jo dute. Langileetako baten atzetik korrika aritu ondoren azpian hartu eta atxikirik izan dute, Euskalerria Irratiak argitaratutako bideo batean ikusten denez. Hiru irakasle identifikatu dituzte, gainera.

Mobilizatzen jarraitzeko eta ikastetxez ikastetxe "asanblada iraunkorrak eta irakasle taldeak sortzeko" bultzada eman dute gaur Nafarroako beharginek, eta ikasleei zein haien familiei ere luzatu diete borrokarako deia. Kalitatezko hezkuntzaren alde, antolakuntza eta borroka leloan laburbildu dute gaurkoan euren aldarrikapen nagusia.

EZ DAGO IRUZKINIK