AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/07 18:30

Behi-larrua ekoizten dute Lizarrako (Nafarroa) Tenerias Omega enpresan. Ekainean, hamahiru langilerentzat aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ERTE, gazteleraz) irekitzeko asmoa adierazi zuen zuzendaritzak. Bi hilabete berririk gabe igaro ondoren, enpresak irailaren 2an jakinarazi zuen berriz enplegu-erregulazioko espediente bat ezarriko zuela, baina plantilla osoari eragingo ziola oraingoan. Langileek kritikatu dutenez, negoziazio-prozesu osoari uko egin dio enpresako zuzendaritzak.

Espedientea aplikatuta, lantegian aritzen diren 79 beharginak kaleratu nahi dituzte. Langileen arabera, "irtenbide bakarra" enpresaren likidazioa dela dio zuzendaritzak, eta xantaia egin die langileei. Zuzendaritza "negoziatzen utzi ez diguten akordioa sinarazten tematu da"; baina, hori ez ezik, kaleratzeak dakartzan akordioa sinatzeari uko eginez gero, langileei kalte-ordainak ordaintzeko "kudeaketa-lanak presarik gabe" egingo dituela esan du, mehatxu argi batekin.

Lantokiaren "28 urteko historiaren ondoren, itxiera txintik ere esan gabe onartzea espero dute", langileen hitzetan. Kalera atera ziren iragan den ostegunean, Lizarran: 300 bat pertsona batu ziren protestara. Tenerias Omegaren "itxieraren aurka" eta "lanpostuen defentsan" mobilizatu ziren. 

Etxarri Aranatzeko Azkengak 39 langile bota nahi ditu

Sunsundegui enpresaren hornitzaileetako bat da Etxarri Aranatzeko (Nafarroa) Azkenga, eta berriki erakutsi du plantilla osoa kaleratzeko asmoa, 39 behargin. Zuzendaritzaren arabera, "ez-ordaintzeak pilatu" ditu Sunsundeguik, eta horixe da Azkengako kaleratze kolektiboaren arrazoia. Antza denez, 9 milioi euroko zor bat du Sunsundeguik, eta Azkenga bezalako hornitzaileak kaltetzen hasi da.

Sunsundeguik autobusak ekoizteko "eskaera-bolumen" handia omen du oraindik, enpresako zuzendaritzaren hitzetan. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat jarri du martxan, eta ia 400 langile daude euren lanpostua galtzeko arriskuan.

Euskaldunako Telesoniceko beharginak ere protestan

Bilboko (Bizkaia) Euskalduna Jauregian azpikontratatuta daukate Telesonic enpresa, eta bertako ikus-entzunezko proiektuez arduratzen da. 35 langilek egiten dute lan bertan, eta lan-hitzarmen bat lortzeko borrokan hasi dira. Negoziazioei ekin diete langileek, baina blokeatuta daude oraintxe, enpresak "aldi baterako ezintasunaren osagarriak okertu" nahi dituelako, ELA sindikatuak azaldu duenez. 

Elkarretaratze bat egin zuten beharginek aurreko ostiralean, urriaren 4an. Zuzendaritzak ezarritako murrizketak seinalatu zituzten, eta urriaren 16an, 17an eta 18an greba egingo dutela jakinarazi zuten. 

EZ DAGO IRUZKINIK