Euskal Herriko industrian iragartzen ari diren kaleratze kolektiboen zerrenda luzeari beste bi gehitu behar zaizkio: Gasteizko (Araba) Mercedes (EAEko lantokirik handiena) eta Recubrimientos Orgánicos Saro. Behin-behineko lanpostuak nabarmen murriztu eta 180 behargin botako ditu Mercedeseko zuzendaritzak, eta Recubrimientos Orgánicos Saro, berriz, likidaziora bidean da.
Azken horretako zuzendaritzak zor ugari ditu, eta, ondorioz, fabrikarako hornikuntza moztu eta konkurtso-administratzaile baten esku geratu zen iaz lantegia. Azaroan eten behar izan zuten jarduna langileek, eta etxean daude une honetan; bederatzi hilabete dira enpresak ez diela euren soldata ordaintzen. Gaur bilduko dira Arabako Foru Aldundiarekin, baina jakinarazi dute jada protestak egingo dituztela, itxieraren mamua gainean izanik.
Ali-Gobeo industrialdean dago Recubrimientos Orgánicos Saro. 1980an sortu zuten, eta burdina eta aluminioa lakatzeko lanetan aritu izan dira bertan. 100 langile baino gehiago izatera iritsi ziren, baina kopuruak behera egin du etengabe. 2007an Nafarroako Epsilon5 konpainiak erosi zuen.
Murrizketak Mercedesen
Zuzeneko 5.000 langile inguru ditu Mercedesek Gasteizko lantegian, baina nabarmen murriztuko du jarduna. "Ekoizpenaren beherakada" argudiatuta, gaueko txanda kendu eta hirutik bira jaitsiko ditu lan-txandak martxoan. Horren eraginez, aldi baterako kontratua duten 180 langile botako ditu otsailaren erdialdean. Oraingoz, lanpostuei eutsiko diete kontratu finkoa duten 4.600 bat beharginek eta ordezkapenak egiten ari diren behin-behineko 100 bat langilek.
Azken urtean, ekoizpenaren beherakada dela-eta, hainbat geldialdi egin dituzte Mercedesen. Urtarrilaren 11n bukatu zen azkena, 24 egun iraun zituena. Dena den, bitartean, fabrika handitzen segitzen du zuzendaritzak, bertan furgoneta elektriko berri bat ekoitzi ahal izateko.